Historia Naturalaren Museoa (ingelesez: Natural History Museum) Londreseko museo ezaguna da, naturaren historiaren inguruko gaiak aurkezten dituena. Kensington eta Chelseako Exhibition Road kalean kokaturik dago beste bi museo handirekin batera, Zientzia Museoa eta Victoria and Albert Museum hain zuzen ere. Historia Naturalaren Museoaren sarrera Cromwell Road kalean dago ordea.
Mundu mailan erreferentea den museoa da, espezieen taxonomia, identifikazioa eta kontserbazioari dagokionean. 70 milioi objetutik gora ditu, batzuk oso garrantzitsuak, Charles Darwinek bildutako aleak esate baterako. Urtero bost milioi eta erdi bisitari izaten ditu, Erresuma Batuko hirugarren bisitatuena da.
Museoko alderik ezagunena sarrerako gela handia da, Hintze Hall izenekoa. 35 urtetan zehar gelaren erdian diplodocus erraldoi bat egon izan da baina 2017ko udan balea urdinaren hezurdura ezarri zuten haren lekuan.