Al-Ḥusain ibn ‘Alī ibn Abī Ṭālib (arabieraz: الحسين ابن علي ابن أبي طالب; Medina, 625eko urriaren 10a – Karbala, 680ko urriaren 10a), Husain ibn Ali[1] deitua, Mahomaren iloba izan zen, zehazki Mahomaren alaba Fatima az-Zahraren eta Alī ibn Abī-Tāliben bigarren semea. Islam xiitak gurtzen duen pertsonaia bat da, eta haren martirioa oroitzen du Ashura izeneko ospakizunean. Nolanahi ere, musulman sunitek ere errespetatzen dute, Mahomaren etxekoa izateagatik. Ama gazte hil zelarik, bi anaiek harreman ona izan omen zuten aitonarekin, baina haien aitak kalifatoa zela-eta izan zituen borroketan ere sartuta egon ziren. Al-Husayn Yezdegerd II.a azken enperadore sasandarraren alabetako batekin ezkondu zen, Shahrbanurekin. Iman bilakaturik, Karbalako guduan hil zuten. Gerra haren ondorioz abbastar iraultza piztu zen, Omeiatar Kalifa-herriaren bukaera ekarri zuena.