Immunotolerantzia edo tolerantzia immunologikoa immunitate-sistemak antigeno propioak (autoantigenoak) eta kanpoko antigenoak bereizteko duen gaitasuna da. Berari esker immunitate-sistemak ez die eraso egiten organismoaren berezko antigenoei.
Immunotolerantziak huts egiten duenean immunitate-sistemak ez du kanpoko eta barneko antigenoak desberdintzen, eta bakterioak eta birusak ez ezik, gorputzaren organo eta ehun batzuei ere eraso egiten die. Honetan datza gaixotasun autoimmuneen funtsa.
Immunotolerantziaren bidez, beraz, immunitate-sistema gai da bereizteko makromolekula arrotzak (kanpoko mikrobio patogenoenak, arriskutsuak direnak) eta ostalariaren berezko makromolekulak (arriskutsuak ez direnak).
Bi immunotolerantzia mota daude: naturala, immunitate-sistemak organismoaren autoantigenoen aurrean duena, eta eragindakoa, immunitate-sistemak erantzuten ez duenean normalean immunogenikoak diren antigeno batzuen aurrean. Arlo klinikoan eragindako immunotolerantzia garrantzi handikoa da organoen transplanteetan, hartzailearen gorputzari beste pertsona baten organoa onartuarazi zaionean.