Genetika |
---|
Ingeniaritza genetikoa organismoen ezaugarri genetikoak aldarazteko aukera ematen duten tekniken multzoa da. DNAren organismo batetik besterako manipulazioa eta transferentzia ahalbidetzen duen teknologia honi esker, espezie berriak sortu, akats genetikoak zuzendu edota konposatu berriak sor daitezke. DNA molekula berriak bi bidetatik lor daitezke: DNA isolatu eta DNA birkonbinatuaren teknologiaren metodoen bidez intereseko material genetikoa kopiatuz, edo DNAren sintesi artifizialaren bitartez. Lehenengo DNA birkonbinatua Paul Berg-ek sortu zuen 1972an, SV40 tximino-birusa lambda birusarekin konbinatu zuenean.
Ingeniaritza genetikoaren bidez organismo baten geneak aldatu eta gene berriak sartzen dira haren DNAn. Genetikoki eraldatutako organismoak (GEO) lortzen dira horrela, bakterioak, landareak edo animaliak izan daitezkeenak. Medikuntzan eta elikagaien industrian aplikatzen dira, batez ere, ingeniaritza genetikoaren aurrerapenak. Ikerkuntzan ere erabiltzen dira GEOak: geneen funtzioa eta adierazpena aztertzeko balio dute funtzio-galeraren eta -irabaztearen miaketaren eta adierazpenaren ikerketaren bitartez. Zenbait generi knock out teknika aplikatuz, giza gaixotasunen animalia ereduak sor daitezke.
Ingeniaritza genetikoaren funtsa zelula hartzaile batean aukeratutako DNAren zati bat txertatzean datza, eta horretarako, bektore edo bitarteko moduan plasmidoak erabiltzen dira. Aukeratutako DNA zati horrek klonatu nahi diren geneak izaten ditu, eta zelula hartzailea prokariotoa zein eukariotoa izan daiteke. Ingeniaritza genetikoaren bitartez posible da espezie desberdinetako DNAk klonatzea. Ohikoa da, esaterako, intsulinaren sintesia eragiten duen DNA bakterio edo legamia batean sartzea, intsulina ekoitz dezan. Prozesu horretan plasmido batek egiten du bitartekari lana.[1] Ingeniaritza genetikoa geneak txertatzeko erabiltzeaz gain, geneak ezabatzeko, edo geneen knock outa eragiteko ere erabil daiteke. Sorturiko molekula berria ausaz edo leku jakin batean txerta daiteke genoman.
Material genetikoaren manipulazioaren bidez, hainbat produktu baliagarriren ekoizpena errazten da. Izan ere, gaur egun botika eta antibiotiko asko lortzen dira ingeniaritza genetikoa aplikatuz, bai eta giza intsulina, hazkunde hormona, interferoia eta txertoak ere. Ingeniaritza genetikoak potentzial handia izan dezake gaixotasun genetikoak sendatzeko farmakoak sortzeari begira. Gainera, aplikazio industrialak dituzten zenbait produktu sor daitezke, esate baterako, detergenteak, gazta edo beste produktu batzuk.
Ildo beretik, genetikoki eraldatutako uztaren komertzializazioaren igoerak irabazi ekonomikoak ekarri dizkie zenbait herrialdetako nekazariei. Hala ere, eztabaida handia piztu du teknologiaren munduan. Eztabaida hasi zen produktuak merkaturatu ziren momentuan. Izan ere, zientzia-adostasun bat badago aldarrikatzen duena genetikoki eraldaturiko elikagaiek elikagai konbentzionalen arrisku berdina dutela. Aipaturiko kezka horien guztien ondorioz, Nazioarteko hitzarmen bat sinatu zen 2000. urtean: Biosegurtasunaren inguruko Cartagenako Protokoloa. Geroztik, herrialdeek beren legedia garatu dute genetikoki eraldaturiko organismoen erabilera erregulatzeko.