Ipar Korea, izen ofizialez Koreako Herri Errepublika Demokratikoa (koreeraz hangul alfabetoan: 조선 민주주의 인민 공화국, hanja alfabetoan: 朝鮮民主主義人民共和國, Chosŏn Minchuchu-ŭi Inmin Konghwaguk), ekialdeko Asiako estatu burujabe bat da, Koreako penintsularen iparraldea hartzen duena. Hegoaldean Hego Korea du, harekin 1945. urtera arte Korea herrialde batu bakarra osatu zuena. Horrez gain, mugakide ditu Txina iparraldean eta Errusia ipar-ekialdean. 120.540 kilometro koadroko eremua du, eta 25,4 milioi biztanle zituen 2016an.[1] Hiriburua Piongiang da.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak izenpeturiko itunaren arabera, Estatu Batuen osteek onartuko zuten japoniarren errenditzea 38. paralelotik hegoaldera, eta Sobietar Batasunak gauza bera egingo zuen paraleloaren iparraldean. 1948ko abuztuan, hegoaldean hauteskundeak egin eta Koreako Errepublika ezarri zen. Hurrengo hilean, Koreako Herri Errepublika Demokratikoa sortu zen iparraldean. 1950-1953 urteetako Hego Korearen eta Ipar Korearen arteko gerra gogorraren ondoren, eta armistizioa izenpetuta, lerro militar bat ezarri zen 38. paralelotik gertu, bi Koreak banatzen dituena. Ipar Koreak inbertsio izugarriak egin ditu indar militarretan, eta milioi bat soldaduko armada bat osatu du, sendo hornitua. Ekonomia egoera latza den arren, bere baliabide urrien parte handi bat armadarentzat erabiltzen du.