Isomero

Isomeroen sailkapena

Isomeroak, formula kimiko berdina izanda (molekulan atomo mota bereko kopuru bera izanda) egitura kimiko ezberdina duten konposatu kimikoak dira. Eta ezberdintasun horrengatik, hau da, isomeriagatik, molekula horiek ezaugarri fisiko-kimiko ezberdinak izan ditzakete, nahiz eta formula bera izan.

Kimika organikoan isomeria oso ohikoa da, baina gerta daiteke kimika inorganikoan ere, adibidez, trantsiziozko metaletatik sortzen diren konplexuen artean.

Molekula baten ezaugarriak eta propietateak interpretatu ahal izateko, ez da nahikoa formula enpirikoa jakitea; molekula barnean atomoek hartzen duten kokapena ere ezagutu behar da. Atomo mota eta kopuruak ez ezik, horien ordenazioak, kokapenak eta loturek ere eragiten baitute subtantzia baten izaeran.

Adibide bat jartzearren, alkohol etilikoa eta eter dimetilikoa isomeroak dira, euren formula C2H6O delako, baina atomoen kokapenaren eta loturen ezberdintasunak propietate ezberdinak ematen dizkie.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy