Itsasontzi

Itsasontzi bat (Queen Elizabeth 2 bidaiari-ontzia)

Itsasontzia orokorrean itsasoan zehar nabigatzeko erabiltzen den ontzia da, gehienetan nahiko handia. Forma ahurra duen egitura izaten da, zurez, metalez edo beste material batez egina egon daitekeena. Bere formagatik eta Arkimedesen printzipioagatik flotatzen du uretan. Merkantziak edota bidaiariak garraiatzen ditu, eta arrantza, ikerkuntza edo eta defentsa gisako arloetarako erabiltzen da. Historikoki, "itsasontzi" bat gutxienez hiru masta zituen belaontzi bat zen.

Itsasontziek eragin handia izan dute pertsonen migrazioan eta merkataritzan. Oinarrizkoak izan ziren kolonizazioa zabaltzeko eta esklaboen salerosketarako. Halaber, zientziaren, kulturaren eta arlo humanitarioaren beharrei erantzun diete. XV. mendetik aitzina, Europako itsasgizonek Amerikatik ekarritako uztei esker, munduko demografia handizki hazi zen[1]. Itsas garraioa da munduko merkatuaren zati handiena hartzen duena.

2016an, 49.000 merkantzia-ontzi baino gehiago zegoen. Orotara, 1.800 milioi tona garraiatzen dituzte. Itsasontzi horien %28 petrolio-ontziak ziren, %43 solteko gaien itsasontziak eta %13 kontainer-ontziak[2].

  1. The Columbian Exchange. The University of North Carolina.
  2. DEVELOPMENT, UNITED NATIONS CONFERENCE ON TRADE AND.. (2017). REVIEW OF MARITIME TRANSPORT 2016.. UNITED NATIONS ISBN 92-1-112904-4. PMC 969852453. (Noiz kontsultatua: 2020-04-03).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy