Itzulpen automatikoa (IA edo MT-Machine translation) testuen itzulpena automatikoki lortzeko ahalbidetzen duen teknologia da. Teknologia honek 1940tik hainbat hamarkadaz laguntza mugatua eskaini du, baina 2017z gero arrakasta handia lortu du, eta harrezkero erabilera askoz zabalagoa da.
Dena dela itzulpen automatikoaren emaitzak ez dira inoiz perfektuak izan, eta oraindik ere ez dira perfektuak. Emaitza horiek publikoki zabaldu nahi badira, guztiz beharrekoa da pertsona batek testua zuzentzea eta orraztea (post-edizioa).
Iturburu-hizkuntzako testu batetik abiatuta, helburu-hizkuntzako ahalik eta baliokideen den beste testu bat lortzea du helburu IAk, konputagailu bat erabilita. IA ez da nahastu behar konputagailuz lagundutako itzulpenarekin ez eta itzulpen-memorien erabilpen soilarekin.
Itzulpengintza automatikoa hizkuntza teknologiaren garapenean nabarmen lagundu duen diziplina da. Munduan badira zeregin nagusia hori duten hainbat elkarte zientifiko, aldizkari berezi, unibertsitate departamentu eta enpresa. Martin Kay adituaren esanetan:[1]
« | Itzultzeko makinak lortzeko irrika horrek hizkuntzalaritza, filosofia, matematika edo informatika diziplinetako zenbait buruargiren arreta merezi izan du. Horretaz gain, itzulpen automatikoak jarraitzaile leial batzuengan erakarpen liluragarria pizten du. Zer dela eta lilura hori? | » |
Bitarteko mekanikoen bidez itzultzea bada erronka zientifiko bat. Baina itzulpen automatikoak horrenbesteko interesa piztearen benetako arrazoiak ez du sustrai zientifikorik, behar praktikoan du jatorria, informazioaren jarioan alegia. Itzulpengintzako lan errepikakorrenak[2] modu automatikoan egiten lortzea da lehen erronka. Azken helburua, agian, egunen batean adimen artifizialakren bidez pertsona batzuek lortzen duten maila profesionala makinekin lortzea da.