Ivan Vasilievitx edo Ivan IV.a Errusiakoa (errusieraz: Ива́н Васи́льевич, Иван IV, Ivan Vasilyevich, Ivan IV; Kolomenskoie, 1530eko abuztuaren 25a - Mosku, 1584ko martxoaren 18a), ezagunagoa Ivan Izugarria (errusieraz: Ива́н Гро́зный, Ivan Groznyy) ezizenez, Errusiako tsarra izan zen 1547tik 1584 arte. Errusiar estatuaren sortzaileetakotzat hartzen da.
Gutxienez zazpi aldiz ezkondu zen, baina bere ezkontzarik garrantzitsuena lehena izan zen, Anastasia Romanovna Zakharinarekin, 1547an. Errusiari egin zizkion ekarpenik garrantzitsu eta handienak, Siberiaren konkista, lege kode berri baten sortzea, Sudiebnik izenekoa, boterea hiriburuan zentralizatu izana, herri partaidetza zuten instituzioak sortzea, Astrakhan eta Kazango khanerri tartariarrak konkistatu izana, Ordena Teutonikoaren suntsipena eta barne erreforma handiak izan ziren, horien artean armadaren erreforma eta lege kodearen berrikuspena.