Jawaharlal Nehru (hindiz: जवाहरलाल नेहरू, /dʒəʋaːɦərˈlaːl ˈneːɦruː/ ahoskatua; Allahabad, India, 1889ko azaroaren 14a - New Delhi, 1964ko maiatzaren 27a[1]) Indiako politikaria izan zen, 1947 eta 1964 artean bertako lehendabiziko lehen ministro bilakatu zena.
Indiako mugimendu independentistaren buruzagi nagusietako bat izanik, Indiako Kongresu Nazionalak 1947an bertako lehendabiziko Lehen Ministro izendatu zuen, 1952ko hauteskundeetan irabazi zuenean herriak berretsi zuena. Lerrokatu Gabeko Mugimenduaren sortzailetako bat izanik, Gerra Hotzaren garaian, nazioarteko politikarik inportanteenetariko bat ere izan zen. Batzuetan, Pandit Nehru ere deitua izan zen (pandit sanskritoz eta hindiz «maisua» deitzeko ohorezko izena da).
Nehru buruzagi karismadun eta erradikala izan zen, Britainiar Inperioarenganako swaraj edo independentzia osoa aldarrikatzen baitzuen. Indiak bere independentzia lortzeko prozesu luzean, Gandhiren oinordeko politiko bilakatu zen. Politikoki, Nehruk, sozialismo fabiano eta garapen ekonomikoa lortzeko, sektore publikoa bultzatzearen alde egin zuen.