Jean-Luc Godard (Paris, 1930eko abenduaren 3a - Rolle, Suitza, 2022ko irailaren 13a[1]) frantziar-suitzar zinema zuzendari, gidoigile, ekoizle eta kritikaria izan zen, Nouvelle Vagueko kide garrantzitsuenetakoa.
Godarden lehen filma, A bout de souffle (1959), izan zen arrakastatsuena, berrikuntza handiak ekarri baitzituen. Klasizismoa eta erromantizismo indar handikoa, ezkortasunez nahastua, izan ziren Godarden aurreneko garaiko ezaugarri nagusiak. Ordukoak dira, orobat, Les carabiniers (1963), Une femme mariée (1964) eta Pierrot, le fou (1965). Zientzia-fikzioaren generoa ere Alphaville, une étrange aventure de Lemmy Caution (1965) filmean jorratu zuen. Bigarren garaian, kezka politikoek eta kontakizunari buruzko gogoetek eragin bizia izan zuten haren filmetan: Masculin féminin (1966), Made in USA (1966), La chinoise (1967), Le Gai Savoir (1969) eta Tout va bien (1972). Azken urteetakoak dira beste hauek: Prénom: Carmen (1983), Je vous salue, Marie (1984), Histoire(s) du cinèma (1988-1998), Nouvelle vague (1990), Hélas pour moi (1993), For Ever Mozart (1996), Allemagne année 90 neuf zéro (1997), Éloge de l'amour (2001), Liberté et patrie (2002) eta Notre musique (2004). Bere azken pelikula Film Socialisme (2010) esperimentala dugu.