Kale borroka

Getxoko Algortako kutxa automatiko bat erreta, 2005 urtean.

Kale borroka edo kale indarkeria Euskal Herrian gertatutako indarkeria mota bati deitzen zaio, normalean sabotajeei edo ekintza zuzenari lotutakoa. Oro har, ekintzok ideologia abertzale, ezkertiar eta independentista aldarrikatzen duten zenbait pertsona edo taldek eginak izan dira; nahiz eta bestelako helburuekin ere ("sistemaren aurkakoak" eta abar) kale borrokako ekintzak burutu izan dituzten. Espainiako legediaren aurrean, kale borrokaren ekintzaileak ETAkideak ziren eta ondorioz ETAren ekintza terroristatzat hartzen ziren bere ekintzak. Hamarnaka gazte urte luzeetara kondenatuak izan ziren honen ondorioz Arkaitz Bellon, esaterako.

Kale borroka izena hartutako ekintzak askotarikoak dira, poliziarekiko enfrentamenduetatik hasiz sabotaje-ekintza landuetaraino. Esaterako, banketxe baten kutxa automatikoei edo tren geltokiei su ematea; politikari edo polizien autoak erretzea; eraikin ofizialen aurka molotov koktelak jaurtitzea; edo autobusak erretzea kale borrokako eraso errepikatuak izan dira, beste askoren artean.

1990eko hamarkadatik aurrera, eta 2000koan indar handiagoz, kale borrokaren kontzeptua asko zabaldu da, mota guztietako aldarrikapenezko ekintzei kale borroka deituz, beraien bortizkeria maila txikia edo hutsa izan arren. Horrela, kale borrokatzat hartu izan dira potentzia gutxiko lehergailu suemaileak ezartzea, manifestaldi zapuztuen ostean trafikoa moztea, pintaketak egitea, edota pintura jaurtitzea.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in