Euskal Herriko historia |
---|
Karlistaldiak[1][2] edo karlista gerrak[3] —gerra karlista eta karlistada izenez ere ezagunak— Hego Euskal Herrian eta Espainian XIX. mendean gertatutako gerra zibilak izan ziren, eta Euskal Herria izan zuten gune nagusi. Euskal Herrian bi gerra izan ziren, eta hala gorde da bertako herri oroimenean eta historiografian; izan ere, Espainiako historiografian Bigarren Karlistaldia deitzen denak, ez zuen indarrik izan Euskal Herrian: Katalunia erdigune hartu zuen altxamendu bat izan zen, Matinerren Gerra ere deitua. Karlistaldiak Europako historian errege-nahien arteko azken gerrak izan ziren.
1833 eta 1876 artean karlistek — Karlos infantearen (Karlos V.a nahi zuenaren) eta bere oinordekoen jarraitzaileek — zenbait aldiz matxinatu eta balio tradizionalak (legitimismo eta katolizismoa) aldarrikatu zituzten, "Jainkoa, Aberria eta Erregea" lelopean, hasieran liberalismoren eta, gero, errepublikanismoaren aurka.
Azaleko auzia dinastikoa izan arren, Euskal Herrian errege-nahiaren babesa baino, foruen galeraren gaia izan zen tentsioen iturri nagusia eta, hain zuzen, foruak behin betiko galdu ziren azken karlistaldiaren amaieran, 1876an. Bi karlistaldietan, elkarren kontra borrokatu ziren liberalak, alde batetik, Espainiako monarkiaren tropa erregularrak eta Gipuzkoako Aldundiaren zein Bilboko armada inprobisatua, eta karlistak, bestetik, gehienean mendira jo zuten gazte boluntarioak, bitarteko militar eta finantzariorik gabeak.