Keinu hizkuntza

Gero eta ohikoagoa da zeinu hizkuntzaren itzultzaileak nonahi ikustea.
Preservation of the Sign Language (1913)

Keinu hizkuntza hizkuntza mota bat da, esanahia transmititzeko, akustikoki transmititutako soinu ereduak erabili beharrean, gorputz mugimenduen (batez ere eskuena eta enborrarena) eta aurpegieraren (batik bat begi, bekain eta ahoaren bidez adierazitakoaren) komunikazioa darabiltzana. Zeinu hizkuntza zabalduenak gorren hizkuntzak dira, gorren hizkuntza naturalak horiek baitira[1], baina badira gorrak ez diren gizakiek erabilitako zeinu hizkuntzak ere, adibidez Australiako aborigenen zeinu hizkuntzak, komunitate horien sinesmenen arabera hitz egitea tabu den egoeretan (dolualdiak, iniziazio errituak...) erabiliak. Ahozko hizkuntzekin gertatzen den bezala, ez dago zeinu hizkuntza unibertsalik, hizkuntza aniztasun handia dago zeinu hizkuntzen artean eta, oro har, zeinu hizkuntza ezberdinetako hiztunek ez dute elkar ulertzen, nahiz eta familia linguistiko berdineko zeinu hizkuntzen artean antzekotasunak egon. Zeinu hizkuntzak ez dira nahasi behar hitzik gabeko komunikazioarekin, adibidez gorputz-hizkuntzarekin.

Zeinu hizkuntzek ikusizko zeinuak darabiltzate, hau da, bistaren bidez jasotzen dira, eta horrek ahozko hizkuntzetatik bereizten ditu. Hala eta guztiz ere, zeinu hizkuntzek berezko gramatika eta hiztegia dute, edozein hizkuntzak bezalaxe, hau da, alde honetatik ahozko hizkuntza naturalak bezalaxekoak dira[2]. Nahiz eta zeinu asko mundu osoan zabalduta egon, zeinu hizkuntzak tokian tokikoak dira, zeren eta toki bakoitzean hizkuntzak bere zeinu kode propioa baitu. Horrek ez du esan nahi zeinu hizkuntza bat dagoenik ahozko hizkuntza bakoitzeko, ezta zeinu hizkuntza ahozko hizkuntzaren zeinu bidezko itzulpena denik ere.

Ez dakigu zehatz-mehatz munduan zenbat zeinu hizkuntza dauden. Komunitate bakoitzak, oro har, berezko zeinu-hizkuntza du, eta hortaz herrialde bakoitzak zeinu hizkuntza bat edo batzuk ditu. Ethnologe-ren 2021eko edizioak 150 zeinu hizkuntza zerrendatzen ditu[3], eta SIGN-HUB Atlas of Sign Language Structures argitalpenak[4], berriz, 200 baino gehiago; are gehiago, jasotzen du gehiago daudela oraindik dokumentatu edo aurkitu ez direnak. 2021 urtean, munduan hiztun gehien dituen zeinu hizkuntza Indo-Pakistani (IPSL) Zeinu Hizkuntza da, 15 milioi hiztun baino gehiago ditu Asia hegoalde osoan eta Ethnologen munduko hizkuntza "mintzatuenen" zerrendan 151. postuan[5].

Zeinu-hizkuntza batzuek lege-aintzatespenen bat lortu dute.

Zeinu hizkuntza bakoitzaren baitan, halaber, dialektoak izaten dira. Zeinu hizkuntza gorren berezko hizkuntza edo hizkuntza naturala da, hau da, berez sortzen duteː izan ere, jaiotzez gorra den haur batek lehen hizkuntzatzat izango luke zeinu hizkuntza berez. Dena den, ezin dugu ahaztu jaiotzez gorrak diren edo txikitan gor delditu diren haur gehienak ahozko hizkuntza bat edo batzuk nagusi diren gizartean hezten direla eta horrek eragin zuzena duela euren garapenean. Gauzak horrela, munduan haur gor asko eta askok oraindik ere ez du aukerarik izaten lehen hizkuntzatzat zeinu hizkuntza izateko; are gehiago, haur gor askok bigarren edo hirugarren hizkuntza gisa ere ez dute zeinu hizkuntza eta, beraz, euren garapen prozesuan komunikazioari dagozkion alor guztiak ahozko hizkuntzen mugetan egitera behartzen dituzte[6]. Ahozko hizkuntzak, hein handi batean, entzumenean oinarrituta daudenez, abiapuntuko desoreka eta muga estuak dakartza erabaki horrek gorrentzat.

  1. Meir, Irit; Sandler, Wendy; Padden, Carol; Aronoff, Mark. (2010-06-28). «Emerging Sign Languages» Oxford Handbooks Online  doi:10.1093/oxfordhb/9780195390032.013.0018. (Noiz kontsultatua: 2022-05-27).
  2. Wendy, Sandler,. (2009). Sign language and linguistic universals. Cambridge Univ. Press ISBN 0-521-48248-8. PMC 845688603. (Noiz kontsultatua: 2022-05-27).
  3. (Ingelesez) «Sign language» Ethnologue (Noiz kontsultatua: 2022-05-27).
  4. «SIGN-HUB» www.sign-hub.eu (Noiz kontsultatua: 2022-05-27).
  5. (Ingelesez) «What are the top 200 most spoken languages?» Ethnologue 2018-10-03 (Noiz kontsultatua: 2022-05-27).
  6. Benítez-Burraco, Antonio. (2015-12-01). «A Biolinguistic Approach to Sign Languages» Oxford Handbooks Online  doi:10.1093/oxfordhb/9780190241414.013.16. (Noiz kontsultatua: 2022-05-27).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in