Koipeak hidrofoboak edo uretan disolbaezinak diren substantziei ematen zaien izen generikoa da.[1] Nutrizioan, biologian eta kimikan, oro har, gantz-azidoen edozein ester dira eta, normalean, izaki bizidunetan edo elikagaietan daude presente.[2] Termino hau askotan, triglizeridoei (glizerolezko ester hirukoitzei) erreferentzia egiteko erabiltzen da, zeinak landare-olioen eta animalien gantz-ehunaren osagai nagusiak diren.[3][4] Are gehiago, termino hau bereziki, giro-tenperaturan solidoak edo erdi-solidoak diren triglizeridoei erreferentzia egiteko erabiltzen da, olioak alde batera utzita. Halere, termino hau orokorrean lipidoen sinonimo gisa erabiltzen da. Horrela, triglizeridoez gain, beste konposatu mota batzuk ere sartzen dira koipe terminoaren barruan, hala nola, mono eta diglizeridoak, fosfolipidoak (esaterako, lezitina), esterolak (hala nola, kolesterola), argizariak (adibidez, erle-argizaria),[2] eta gantz-azido askeak.
Koipeek giza dietako hiru makronutriente talde nagusietako bat osatzen dute karbohidrato eta proteinekin batera[2][5], eta elikagai arrunten osagai nagusiak dira, hala nola, esnea, gurina eta sukaldeko olioak. Animalia askorentzat elikagai-energiaren iturri garrantzitsu dira eta izaki bizidun gehienetan funtzio garrantzitsuak dituzte egiturari eta metabolismoari dagokienez, energia metatzea, urarekiko erresistentzia eta isolamendu termikoa eskainiz.[6] Orokorrean giza gorputzak beharrezko koipea beste elikagai-osagai batzuetatik sor dezake. Halere, badira giza gorputzak sortu ezin dituen eta dietan sartzea beharrezkoa diren funtsezko gantz-azido batzuk. Zehazki bi dira giza elikaduran funtsezkoak diren gantz-azidoak: azido alfa-linolenikoa (omega-3) eta azido linoleikoa (omega-6).[7] Koipe dietetiko hauek gainera zapore eta aroma-osagai batzuen eta uretan disolbatzen ez diren bitaminen eramaileak dira.[3]