Konbinatoria

Biderketa konbinatorian maiz erabiltzen den teknika bat da, horren bitartez aukera ezberdinetarako emaitza posibleen kopurua kalkulatzen baita. Irudian, ebazkizun sinple bat: 2 praka pare eta 3 alkandora edukita, guztira 2×3=6 eratara jantzi naiteke.

Konbinatoria kontaketa-ebazkizunak aztertzen dituzten teknika matematikoen multzoa da. Zehatzago, konbinatoria multzo finituen kardinalen inguruko propietate eta ezaugarriak aztertzen arduratzen da, propietate berdinak dituzten elementuak zenbatu eta hauen arteko eraikuntzak ikasten dituelarik.

Zenbaketa eta zerrendatze hutsaz arduratzen den arloari konbinatoria zerrendatzaile deritzo (adibidez, 10 pertsonako talde batean zenbat bikote ezberdin osa daitezke?); ezaugarri bati buruz multzoko elementu hobezina aurkitzeaz arduratzen den arloari, berriz, optimizazio edo hobereneratze konbinatorio deritzo (adibidez, 10 puntu harturik, puntu batetik bestera egiten diren ibilbide guztietatik zein da laburrena?).

Konbinatoria aljebra abstraktuan, geometrian, grafo teorian eta probabilitateen kalkuluan erabiltzen da. Praktikan, informatikan eta ikerketa operatiboan aplikazio zuzenak ditu.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in