Literaturaren teorian narratzaile, kontatzaile edo kontalari[1] esaten zaio narratiba generoko literaturan gertakizunak kontatzen, deskripzioak egiten, narrazioaren haria gidatzen agertu ohi den ahotsari. Kontatzailea narrazioan agertuko den ezagutzeko moduko pertsonaiaren ahotsa izan ohi da edo hain erraz identifikatzen ez den norbaiten ahotsa ere izan daiteke.
Ez da nahasi behar kontatzailea eta egilea. Egileak edo idazleak ikuspuntu bat hautatu beharko du gertakizun batzuk kontatzeko eta ikuspuntu hori egileak sortuko duen narratzailearen eskutik agertuko da.
Kontatzailea idazleak sortuko dituen pertsonaietariko bat izan ohi da. Narratzailearen ahotsa pertsonaia protagonista baten ahotsa izan daiteke, bigarren mailako lekuko baten ahotsa edo erraz identifikatu ezin den norbaiten ahotsa. Narrazio batzuetan narratzailea identifikatzea joko literario mamitsua izan daiteke. Egilea, idazlea, ordea, pertsona fisiko bat edo batzuk dira beti ez narratzailea bezala.
Egileak kontatzailearen ahotsa pertsonaia bati, animalia bati edo objektu bati eman diezaioke. Oso bestelako kontatzaileen adibideak topa daitezke literaturan. Narratzailea ume bat izan daiteke, Robert Louis Stevensonen Altxorraren uhartean bezala edo Lazarillo de Tormes eleberrian bezala, narratzailea arrano bat izan daiteke Bernardo Atxagaren Sara izeneko gizona eleberriaren kapitulu batean bezala, edo arkatz bat, Manuel Rivas. O lapis do carpinteiro eleberrian bezala.
Narrazio batean narratzaile bat baino gehiago ager daitezke, narrazioaren haria txandaka erabil daiteke.
Fikziozko literaturan hainbat motatako kontatzaile deskribatu dira, sailkapen asko egin dira.