Kontingentzia taula

Hainbat pertsonaren sexua eta ikasketa-maila jasotzen dituen kontingentzia taula (testua ingelesez), maiztasun absolutu nahiz erlatiboekin.

Estatistikan, kontingentzia taula aldagai kualitatiboei buruzko datuak biltzen dituen maiztasun-banaketa bat da, bi aldagai edo gehiago jasotzen dituena, aldagai bakoitzaren kategoriak gurutzatuz sarrera biko taula batean. Gelaska bakoitzean maiztasunak ezartzen dira, kopuru absolutuan edo erlatiboan. Errenkada eta zutabeetako baturak ere kalkulatzen dira, aldagai bakoitzaren kategorietan zenbat elementu biltzen diren (bazter-maiztasunak, alegia) zehazteko. Datuak era bateratuan azaltzeaz gainera, kontingentzia-taulak azterketa estatistikoak egiteko abiapuntu moduan erabiltzen dira askotan, hala nola aldagai estatistikoen arteko asoziazioa aztertzeko. Gehienetan, kontingentzia taulak bi aldagai kualitatibo jasotzeko erabiltzen badira ere, hiru aldagai edo gehiago bil daitezke kontingentzia-tula batean, aldagai kopuruak gora egin ahala taula irakurketa gero eta zailagoa den arren.

Kontingentzia-taulak aldagai kualitatiboetarako erabiltzen dira bereziki, non elementuak biltzen diren kategoria kopurua murritza den (adibidez, sexua, ikasketa-maila, aukera politikoa, ...). Balio ezberdin gutxi hartzen duten aldagai kuantitatiboetarako (seme-alaba kopurua, adibidez) ere erabil daitezke. Ez dira oso egokiak, ordea, aldagaiak balio ezberdin asko hartzen dituen kasuetarako (adibidez, pertsonen baten altuera edo pisua), aurretik datuak tartetan biltzen ez badira.

Hainbat teknika garatu dira kontigentzia-tauletako informazio estatistikoa aztertzeko. Horien artean, asoziazioak kontingentzia taula bateko aldagaien arteko erlazioa aztertzen du. Prozedura konplexuago batez, korrespondentzia-analisiak kontingentzia-taula batean agertzen diren kategoriak kartesiar diagrama batean ezartzen ditu, erlazionaturik dauden kategoriak elkarrengandik gertu jarriz(adibidez, emakumeek gizonek baino eskuineko joera politikoa nabarmenagoa badute, "emakume" eta "eskuin" kategoriak gertu suertatuko dira diagraman). Kontingentzia taulak independentzia estatistikoa frogatu eta homogeneotasun-frogak burutzeko oinarri ere izaten dira.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy