Kontsonante igurzkari

Artikulazio-fonetikan kontsonante igurzkariak kontsonante mota bat dira. Kontsonante igurzkariak aire-emaria kanal estu batean zehar bortxatuz ahoskatzen dira, hori egiteko bi artikulatzaile hurbildu behar direla. Hurbildutako bi artikulatzaileei dagokienez, aukera zenbait daude: azpiko ezpaina gaineko hortzen kontra eramatea, adibidez [f] ebakitzeko; edo mihi-bizkarra ahosabai bigunaren kontra, gaztelania edo alemanaren [x]-ren kasuan bezala; edo mihiaren alboa haginen kontra, adibidez galesezko Llanelli hitzeko [ɬ]. Igurzkarien ebakeran sortzen den aire-emari ozenari igurzketa edo frikatzea esan ohi zaio.

Igurzkarien artean txistukariak aurkitzen dira. Txistukari bat egiteko, beste igurzkarien kasuan bezala, airea kanal estu batean zehar pasarazten da, baina ondoren hortzen ertzen aurka eramaten da, airea zuzentzeko mihia bilduz. Esate baterako, ingelesez [s], [z], [ʃ] eta [ʒ] txistukari igurzkariak aurki daitezke, eta euskaraz /s̻/ <z>, /s̺/ <s>, /ʃ/ <x> txistukari igurzkariak ditugu.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in