Fonetikan, kontsonante leherkaria —edo, labur, leherkaria— artikulazio moduari dagokionez ahoan, faringean edo glotisean aire-emaria erabat blokeatuz (gelditzen den arte) eta ondoren blokeo hori bat-batean irekiz gauzatzen den kontsonantea da. Askotan kontsonante herskaria edo kontsonante oklusiboa izenaz ere deitu ohi da, baina kategoria horiek maiz beste zenbait hersketa mota ere barne hartzen dituzte: adibidez, herskari sudurkariak, afrikatuak, inplosiboak, eiektiboak edo klikak.
Leherkari edo herskari ahokarietan, aire-emaria erabat galarazten da (hersketa fasea), eta presio ezberdintasun bat eragiten du ahoskunearen aurreko eta osteko guneen artean; blokeoa askatzean (askatze fasea) ekoizten da, funtsean, soinua. Horrek herskari sudurkarien ekoizpenarekin kontrastatzen du, non sudur-bidean ez den aire-emaria eteten; eta igurzkariekin, non ahots-bideko hersketa partzialak aire-emaria galarazten duen guztiz blokeatu gabe. Azken bi kasuetan, soinua etenik gabe sortzen da blokeo fasean, leherkarien kasuan ez bezala.