Korronte alterno

1. irudia: Korronte aldizkatzailea (marra berdea). Ardatz horizontalak denbora adierazten du; zutak, berriz, korrontearen intentsitatea edo tentsioa.

Korronte alternoan[1] edo aldizkakoan (AC hizkiekin ere ezaguna, ingelesez Alternating Current), karga elektrikoen mugimenduaren noranzkoa aldizka aldatzen da, periodikoki, eta korrontearen balioa positiboa eta negatiboa da, aldizka. Korronte zuzenean, berriz, karga elektrikoak noranzko berean mugitzen dira, eta korronteak zeinu bera mantentzen du denboran zehar. Oro har, korronte hitza erabiltzen dugun arren, korronte aldizkatzaile eta korronte zuzen esateko, korrontearekin batera tentsioa ere adierazten da. Hortaz, tentsio aldizkatzaile eta tentsio zuzen esan dezakegu. Horregatik, sarri, seinale hitza erabili ohi da, korrontea eta tentsioa bereizi nahi ez direnean. 1. irudian hainbat seinale ageri dira: seinale aldizkatzaile sinusoidala (berdea), seinale zuzena (gorria), seinale aldakorra (grisa) eta seinale pultsuduna (urdina).

2. irudia: Uhin sinusoidal bat.

Etxeetara edota lantegietara iristen den argindarra korronte aldizkatzailea da. Korronte aldizkatzaileko zirkuituetan, uhin sinusoidala da erabiltzen den uhin-forma (ikus 2. irudia). Hala ere, beste erabilera batzuetan, bestelako uhin-formak erabiltzen dira, uhin triangeluarra edo uhin karratua, adibidez. Kable elektrikoetan garraiatu ohi diren audio- eta irrati-seinaleak ere korronte aldizkatzailearen adibideak dira. Aplikazio horietan, helburua da korronte aldizkatzaileko seinalearen baitan kodetutako (edo modulatutako) informazioa berreskuratzea.

  1. «Zehazki - UPV/EHU» www.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-21).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in