Kuroshio itsaslasterra

Kuroshio itsaslasterra eta Oyashio itsaslasterra Japoniako ekialdeko kostaldean

Kuroshio itsaslasterra[1] (japonieraz, 黒潮, Kuro Shio, "Ibai Beltza") Ozeano Bareko ipar-mendebaldeko itsaslaster indartsu bat da. Ipar Atlantikoko Golkoko itsaslasterraren baliokidea da, eta Ipar Pazifikoko zirkulazio-zikloaren parte da. Japoniako itsaslasterra ere baderitzo.

Taiwango ekialdeko kostaren aurrean du hasiera, eta ipar-ekialderantz egiten du, Japoniara iritsi arte. Han, Ipar Pazifikoko itsaslasterrarekin ekialdeko adarrarekin bat egiten du. Golkoko itsaslasterrak bezala, ur tropikal epela garraiatzen du iparralderantz, eskualde polarren alderantz (urteko batez besteko tenperatura uraren azalean: 24 °C). Ez da oso zabala (100 km inguru), baina bai azkarra. Kolore urdin iluna du (hortik "Ibai Beltza" izena), ur epela izanik mantenugai gutxi dituelako. Horregatik, itsas bizitza ere ez da oparoa. Haren ur epelari esker bizi dira Japoniako koral-hesiak; Ipar hemisferioan ez dago beste tokirik hain latitude handian koral-hesia duenik. Japoniako itsasoan sartzen den beso bat du, Tsushima itsaslasterra (対馬海流), izen bereko itsasartearen izenagatik. Kuroshio itsaslasterrari zor zaio, halaber, Alaskako hegoaldeko kostaldeko eta Columbia Britainiarreko eguraldi leuna.

  1. Euskaltzaindia. (2012-10-18). 172. araua: Itsaslasterren izenak, itsasgune batzuen izenak eta Antartikako toponimia. (Noiz kontsultatua: 2013-02-10).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in