Lehia

Artikulu hau gatazka eta norgehiagokaren kontzeptu orokorrari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Lehia (argipena)».


Kirol lehia: atletismoko lehiaketa irudiak.

Lehia edo lehiaketa norgehiagoka bat da, non bi alderdi edo gehiago ahalegintzen baitira partekatu ezin den helburu bat lortzen: baten irabazia bestearen galera da. Horren adibide garbi bat da batura zero den jokoa.[1] Erakunde, gizabanako, talde ekonomiko edo sozial eta abarren artean sor daiteke lehia. Edozein helburu esklusibo lortzeagatik izan daiteke, besteak beste, aitorpena (adibidez, sariak, ondasunak, lankideak, estatusa, ospea), lidergoa, merkatu kuota, baliabide urriak edo lurralde bat.

Naturan gertatzen da lehia, ingurumen berean bizi diren organismo bizien artean. Animaliak lehiatzen dira ura, janaria, bikoteak eta bestelako baliabide biologikoak eskuratzeko. Gizakiak janariagatik eta bikoteengatik lehiatu ohi dira, nahiz eta premia horiek asetzen direnean, sarritan, lehia handiak sortzen diren aberastasuna, boterea eta ospea bilatzeko, ingurune estatiko, errepikakor eta aldaezin batean. Merkatu ekonomiaren eta enpresen arteko harremanaren funtsezko printzipio bat da lehia, gehienetan enpresa lehiari lotua; izan ere, enpresak gutxienez beste enpresa batekin lehiatzen dira bezero talde bera berenganatzeko. Enpresa baten barruko lehia sustatu egin ohi da, jakintza areagotzearren eta enpresak ekoitzi edo garatu ditzakeen zerbitzuak edo produktuak hobetzearren.

Askotan, lehia lankidetzaren aurkakotzat jotzen da, baina mundu errealean, lankidetza eta lehia nahasteak dira arau.[2] R. G. Collingwood filosofoak argudiatu zuenez, «bi aurkari horiek elkarrekin egotea funtsezkoa da sistema ekonomiko baterako. Ekintza ekonomiko baten zatiak lankidetzan lehiatzen dira, xakeko bi jokalariak bezala».[3] Helburuak lortzeko estrategia onenak matematikaren adarrean aztertzen dira, hots, jokoen teorian.

Lehia zenbait arlotan aztertu izan da, hala nola psikologian, soziologian eta antropologian. Gizarte psikologoek, adibidez, lehiaren izatasuna aztertzen dute: lehiaren berezko bulkada eta haren inguruabarrak ikertzen dituzte. Talde dinamika ere aztertzen dute, lehia nola sortzen den eta horren ondorioak zein diren jakiteko. Soziologoek, berriz, lehiak gizarte osoan dituen ondorioak aztertzen dituzte. Gainera, antropologoek lehiaren historia eta historiaurrea aztertzen dituzte, kultura askotan.

  1. (Ingelesez) Ken G. Smith, Walter J. Ferrier. (2001). Competitive Dynamics Research: Critique and Future Directions. .
  2. (Ingelesez) «Competition, Basic Concepts of Sociology Guide» web.archive.org 2022-10-06 (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  3. (Ingelesez) Collingwood, R. G.. (1926-01). «Economics as a Philosophical Science» The International Journal of Ethics 36 (2): 162–185.  doi:10.1086/intejethi.36.2.2377247. ISSN 1526-422X. (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy