Lev Nikolaievitx Tolstoy[1], (errusieraz: Лев Николаевич Толстой;Yásnaia Poliana, Tula, Errusia 1828ko irailaren 9a - Astápovo, Lípetsk, 1910eko azarioaren 20a), euskaraz Leon Tolstoi bezala ere ezaguna, errusiar idazle eta filosofoa izan zen, egun munduko idazle garrantzitsuenetakotzat hartua.[2] 1902tik 1906ra, urtero Literaturako Nobel sarietarako izendapenak jaso zituen, eta 1901ean, 1902an eta 1909an Bakearen Nobel sarietarako. Inoiz irabazi ez izana eztabaida bilakatu zen.[3]
1828an Errusiako familia aristokratiko batean jaioa, Tolstoiren lan aipagarrienen artean Gerra eta bakea (1869) eta Anna Karenina (1878) eleberriak daude,[4] askotan errusiar errealismoaren gailur gisa aipatzen direnak, Fiodor Dostoievskiren obrekin batera.[5][6] Hogeita hamar urterekin lortu zuen lehenengo aldiz literatur ospea, Haurtzaroa, Mutilaroa eta Gaztaroa (1852–1856) trilogia erdi-autobiografikoekin, eta baita Sebastopoleko esketxak (1855), Krimeako Gerran izandako esperientzietan oinarrituta. Bere fikzio lanak Baloiaren ondoren (1911) bezalako dozenaka istorio motz biltzen ditu, eta Ivan Ilitxen heriotza (1886), Familiaaren zoriontasuna (1859) eta Hadji Murad (1912) bezalako hainbat eleberri-labur ditu. Era berean antzezlanak eta saiakera filosofikoak ere idatzi zituen.[6]
1870eko hamarkadan, Tolstoik krisi moral sakona bizi izan zuen, eta ondoren, esnatze espiritual bezain sakontzat jo zuena, bere fikziorik gabeko Aitortza (1882) lanean adierazi zuen. Jesusen irakaspen etikoen interpretazio literalak, “Mendiko Sermoia” ardatz hartuta, kristau-anarkista eta bakezale sutsua bihurtzera eraman zuen. Indarkeriarik gabeko erresistentziari buruzko bere ideiak, Jainkoaren Erreinua zure baitan dago (1894) bezalako lanetan adierazita, eragin handia izan zuten XX. mendeko Mahatma Gandhi[7] eta Martin Luther King[8]moduko pertsonaia garrantzitsuetan. Georgismoaren defendatzaile leiala ere bilakatu zen, Henry Georgeren filosofia ekonomikoa, bere idazkeran sartu zuena, bereziki Berpizkundea-n (1899). Esperantoaren bultzatzailea ere izan zen.[9]