Lipido

Triglizerido poli-asegabe bat.
Ezkerrean: glizerola, Eskuinean, goitik behera: azido palmatikoa, azido oleikoa, azido alfa-linolenikoa.
Formula: C55H98O6

Lipidoak karbono, hidrogeno eta oxigenoz osaturiko biomolekulak dira, nahiz eta batzuek nitrogenoa eta fosforoa ere izan dezaketen[1][2].

Gluzidoek eta proteinek ez bezala (talde funtzional bereizgarriak dituzte), lipidoek ez dute berezko talde funtzionalik. Berez, disolbatzaile organiko ez-polarren (bentzenoa, eter dietilikoa...) barruko disolbagarritasuna da bere ezaugarri komun bakarra. Ezaugarri hori gluzidoen eta disolbatzaile polarretan disolbagarriak diren proteinen arteko aldea ere bada, ura kasu. Disolbatzaile polarretan disolbaezinak izatearen arrazoia beren egitura kimikoak apolarrak diren karbono-kate luzeek osatzen dituztelako da[3].

Lipidoek naturan agertzen diren molekula multzo handi bat osatzen dute, gantzak, argizariak, esterolak, bitamina liposolubleak (A, D, E eta K bitaminak, esaterako), monoglizeridoak, diglizeridoak, triglizeridoak, fosfolipidoak eta beste batzuk barne hartzen dituena. Lipidoen funtzio nagusiak energia biltegiratzea, zelula-mintzaren egiturazko osagaiak izatea eta seinaleztatzaile molekular garrantzitsu gisa hartzen dira[4][5].

Oro har, lipidoak molekula hidrofobo edo anfifiliko txiki gisa defini daitezke; lipido batzuen izaera anfifilikoari esker, zenbait egitura sor daitezke, hala nola besikula, liposomak edo, ingurune urtsu batean, mintzak. Lipido biologikoak azpiunitate biokimikoen bi motatakoak dira: zetoazilo eta isopreno taldeak[4]. Ikuspegi hori erabiliz, lipidoak 8 kategoriatan bana daitezke: gantz-azidoak, glizerolipidoak, glizerofosfolipidoak, esfingolipidoak, sakarolipidoak eta poliketidoak (zetoazilo-azpiunitateen kondentsaziotik eratorriak); eta lipido esterolikoak eta lipido prenolidoak (isopreno-azpiunitateen kondentsaziotik eratorriak)[4].

Batzuetan, lipido terminoa koipearen sinonimo gisa erabiltzen bada ere, gantzak triazilglizerolo izeneko lipidoen azpitaldea dira. Lipidoek barne hartzen dituzte gantz-azidoak eta horien deribatuak (tri-, di-, monoglizeridoak eta fosfolipidoak barne) eta esterolak dituzten beste metabolito batzuk ere, hala nola kolesterola[6]. Nahiz eta gizakiek eta beste ugaztun batzuek hainbat bide metaboliko erabiltzen dituzten lipidoak degradatzeko eta sintetizatzeko, funtsezko lipido batzuk ezin daiteke horrela egin, eta dietatik lortu behar dira.

  1. (Gaztelaniaz) Berg, Jeremy Mark; Stryer, Lubert; Tymoczko, John L.. (2007). Bioquímica. Reverte ISBN 978-84-291-7600-1. (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
  2. Fahy, Eoin; Subramaniam, Shankar; Brown, H. Alex; Glass, Christopher K.; Merrill, Alfred H.; Murphy, Robert C.; Raetz, Christian R.H.; Russell, David W. et al.. (2005-05). «A comprehensive classification system for lipids» Journal of Lipid Research 46 (5): 839–861.  doi:10.1194/jlr.e400004-jlr200. ISSN 0022-2275. (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
  3. (Katalanez) Bioelements i biomolècules. Edicions Universitat Barcelona 1993 ISBN 978-84-7533-896-5. (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
  4. a b c Fahy, Eoin; Subramaniam, Shankar; Murphy, Robert C.; Nishijima, Masahiro; Raetz, Christian R.H.; Shimizu, Takao; Spener, Friedrich; van Meer, Gerrit et al.. (2009-04). «Update of the LIPID MAPS comprehensive classification system for lipids» Journal of Lipid Research 50: S9–S14.  doi:10.1194/jlr.r800095-jlr200. ISSN 0022-2275. PMID 19098281. PMC PMC2674711. (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
  5. (Ingelesez) Subramaniam, Shankar; Fahy, Eoin; Gupta, Shakti; Sud, Manish; Byrnes, Robert W.; Cotter, Dawn; Dinasarapu, Ashok Reddy; Maurya, Mano Ram. (2011-10-12). «Bioinformatics and Systems Biology of the Lipidome» Chemical Reviews 111 (10): 6452–6490.  doi:10.1021/cr200295k. ISSN 0009-2665. PMID 21939287. PMC PMC3383319. (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
  6. Michelle A, Hopkins J, McLaughlin CW, Johnson S, Warner MQ, LaHart D, Wright JD. Human Biology and Health. Englewood Cliffs, New Jersey, USA: Prentice Hall, 1993. ISBN 0-13-981176-1. OCLC 32308337

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy