Lorea[1] edo lilia[2] landare loredunen (Magnoliophyta) ernaltze-organoak dituen atala da, gehienetan koloretsua eta usaintsua, eginkizun nagusitzat landarea ugaltzea duena[3]. Izatez, adar espezializatu bat da, ugalketarako espezializatutako hostoak dituena. Hosto eraldatu horiek osatzen dituzte loreen atal nagusiak.
Loreek bi atal mota dituzte: ugaltze-atalak eta babes-atalak.
Karpeloaren barruan obulutegia dago, eta bertan obuluak. Obuluak loreziletako androzeoetan sortutako lore-hautsarekin harremanetan jarritakoan, hazi bihurtzen dira, ernalketa bikoitz bidez. Fruituak ere loreetatik sortzen dira.
Landareen dibertsitatea izugarria da; izan ere, enbriofito guztiak hartzen baditugu kontuan, briofitoak bezalako landare sinpleetatik, pteridofito, gimnospermo eta angiospermoetaraino joan gaitezke konplexutasun maila kontuan hartuta. Lorearen egitura angiospermoetan soilik agertzen da, gimnospermoetan hazi biluzia garatzen baita. Hori da bi talde horien artean dagoen ezberdintasuna. Angiospermoetan haziak obulutegian garatzen dira, aurrerago fruitua emango duen organoan.