Luis XV.a Borboikoa (Versaillesko jauregia, 1710eko otsailaren 15a - Versaillesko jauregia, 1774ko maiatzaren 10a) Frantziako erregea (1715-1774) eta Nafarroako erregea izan zen.
Bere erreinaldiaren hasieran le Bien-Aimé ezizena izan bazuen ere, denboraren poderioz bere politika zela eta herritarren mirespena galdu zuen.
Luis XIV.aren bilobaren semea eta ondorengoa izan zen. Luis Burgundiakoa dukearen semea zen; bost urte zituen errege egin zutenean. Filipe II.a Orleanskoa, Borboiko dukea eta Fleuryko kardinala izan zituen erregeorde 1743ra arte. Eragin handia izan zuten harengan bere maitaleek (Madame de Chateauroux, Madame de Pompadour, Madame Du Barry). Haren agintaldian finantza arazo handiak izan zituen Frantziak.
Law ministro eskoziarraren porrotaren ondoren Fleuryko kardinalak zuzendu zuen egoera, Colbert-en bidetik, baina kanpo arazoek larriagotu zuten egoera. Poloniako erregetzarako gerraren ondoren (1733-1738. Frantziak Lorrena hartu zuen irabazian), Austriako erregetzarako gerran parte hartu zuen (1740-1748) eta ondorioak latzak izan ziren, garaipen arranditsuek ez baitzuten ekonomia maila guztiz larrian zegoen herriaren haserrea baretu. Bernis, kanpo arazoetarako ministroak hitzarmenetan egin zituen aldaketen ondoren, Zazpi Urteko Gerran sartu zen Frantzia Ingalaterraren aurka (1756-1763) eta Ameriketako eta Asiako koloniak (Kanada, India) galdu zituen, uharteak izan ezik. Bakea onez hartu zuen Frantziako herriak, kolonietan galera handiak ekarri zituen arren. Frantziako barne politikan gero eta kontrako jarrera biziagoa nabarmendu zen absolutismoaren aurka, Entziklopediaren eta filosofia liberalaren arrimuan eta erlijioaren alorrean lehen mailako arazo bihurtu zen jansenismoaren aurkako kanpaina. Monarkia bera ahulduta zegoen, Choiseul ministroaren erreformek ez zituzten liberalen nahiak bete eta 1770an aginpide absolutua indartzen saiatu ziren Maupeou, Terray eta d´Aguillon ministroak. Luis XV.aren garaian gorpuztu zen Frantziako iraultza mamituko zuen ideologia liberala, absolutismoaren instituzioentzat krisia hasten zelarik.