Lurrun-presioa lurrun-fasean dagoen substantzia baten eta lurrun-fasean ez dagoen substantzia beraren arteko oreka termodinamikoa gertatzen denean existitzen den presioa da. Likidoek eta zenbait solidok gas egoerara igarotzeko joera daukate, eta gas guztiek daukate likidora edo solidora kondentsatzeko joera. Lurrun-presioaren orekak likido edo solido baten lurruntze-tasa adierazten du. Molekulek eta atomoek likidotik edo solidotik ihes egiteko duten joera erakusten du. Substantzia batek tenperatura normalean lurrun-presio altua badauka, lurrunkorra dela esan ohi da. Kelvin-en ekuazioak erakusten duenez, lurrun-presioa tantaren tamainaren araberakoa da.
Kontzeptu hau ulertzeko adibide on bat ur-lurruna da. Airea ur-lurrunez aserik dagoenean, uraren kondentsazio-tasa eta bere lurruntze-tasa orekan daude. Puntu honetan, airearen hezetasun erlatiboa %100ekoa da eta ur-lurruna gehitzen bada, edo tenperatura jaisten bada, kondentsazioa gertatuko da. Oro har, tenperatura altuagoetan lurrun-presioa altuagoa da.