Malaria edo paludismoa Plasmodium genoroko parasitoek eragindako gaixotasun infekziosoa da. Malaria terminoak erdiaroko italieran du jatorria, "mala aria" (aire txarra esan nahi du). Bere eraginez, 2018an 228 milioi kasu egon ziren eta 405.000 heriotza[1]. Heriotza gehienak, Sahara-azpiko Afrikan gertatzen dira, bereziki 5 urtetik beherako umeengan. Malaria txirotasunarekin erlazionatu ohi da eta garapen ekonomikoarentzat oztopo garrantzitsua da hirugarren munduko herrialdeetan.
Gaixotasunaren sintomak oso aldakorrak izan daitezke, sukarra, zefalea, giharreko mina, beherakoa, makalaldia eta eztula besteak beste. Malaria endemikoa den zonaldeetan, infektatutako pertsonek "hartutako immunitatea" garatzen dute sarritan. Honek esan nahi du, parasitoaren eramaileak direla baina ez dutela gaixotasunaren sintomarik.
Malaria aitortu beharreko gaixotasuna da Euskal Herrian. 1999. urtean 18 kasu diagnostikatu ziren EAE-an, eta 2005.urtean 19.
Gizakien arteko kutsapen zuzenaren arrisku bakarra haurdun dagoen emakume batengandik bere umekiarenganakoa da. Gainerantzean, eltxoaren ziztada bidez transmititzen da gaixotasuna. Lehen txertoa Manuel Elkin Patarroyo mediku kolonbiarrak garatu zuen, %40-60-ko eraginkortasuna duena helduetan eta %77-koa umeetan.
Paludismoaren aurkako borroka egun afrikarra apirilaren 25ean ospatzen da, lehen aipatu bezala kontinente honetan baita arruntena gaixotasun hau.