Meiji Berrezartzea

Japoniako historia


Meiji enperadorea, Kiototik Tokiora bidaian (1868).

Meiji Berrezartzea (japonieraz: 明治維新 Meiji ishin?) Meiji Iraultza izenaz ere ezaguna— Japoniak 1866tik 1869ra bitartean egindako egitura politiko eta sozialen aldaketa da. Meiji Berrezartzea, hortaz, Edo Aroaren eta Taishō Aroaren arteko epea da.

Meiji Berrezartzak Japonian indarrean zegoen Shogun erregimen despotikoa erorarazi zuen. Erregimen horretan, Shogunak botere osoa zuen, Europako feudalismoaren antzeko egoeran. 1853ra arte, Japoniak ez zuen inolako kanpo harremanik izan, Txinarekin eta Holandarekin izan ezik. Urte hartan, AEBetako armadaren itsasontziak iritsi ziren Japoniako kostaldera, merkataritza itun bat eskatzeko helburuarekin. Japoniarrek gertakari hori Kuro-fune raikō (itsasontzi beltzen etorrera) izenaz ezagutzen dute: gerra armada modernorik ez zutenez, japoniar gobernuak ituna izenpetu behar izan zuen.

Gertaera horrek munduan bakarra izan zen prozesua abian jarri zuen: Meiji iraultza. Klase menperatzailearen (aristokrazia) zati handi batek aldaketaren beharra ikusi eta pribilegioei uko egin zien. Iraultzaile haiei Ishin shishi deitu zitzaien. Shogun erregimenaren aldekoek Shinsengumi izeneko indar paramilitarra osatu zuten iraultzaileen aurka besteak beste. 1867an, iraultzaileek Shogun erregimenaren aldekoei aurre hartu zieten. Bost hilabeteren ostean (Boshin Gerrak esaten zaie), Shogun erregimenak amore eman zuen. Hala ere, beste hainbat fakziok borrokan jarraituko zuen 1869ko ekainera arte, Ezon (egun Hokkaidon) errenditu ziren arte.

1868an Meiji Berrezartzeari ekin zitzaion bete-betean: samuraien pribilegioak deuseztatu ziren; jende arruntak deitura izateko aukera eskuratu zuen (ordu arte, aristokraziaren pribilegioa zen), etab. Aldaketa horiek ezegonkortasun handiko epea eraman zuten Japoniara, altxamendu ugari gertatu baitziren. Lau hamarkada itxaron behar izan zen egonkortasunera itzuli arte, Japonia potentzia militar eta ekonomikoa bihurtuta.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy