Mikorriza (grezieratik: mycos: onddoa, eta rhizos: sustraia) landare eta onddo artean ematen den elkarketa sinbiotiko mutualista da, hau da parte hartzen duten bi osagaiek lortzen dute etekina harreman horretatik. Landareak zein onddoak sinbionte hertsiak izaten dira. Zehazki, terminoak onddo (mykòs Grekeraz) eta sustrai (rhiza Latinez) arteko sinbiosiari egiten dio erreferentzia. Baina, sustrai gabeko landareek ere mikorrizak garatzen dituzte, adibidez briofito eta pteridofitoen protaloak.
Elkarte sinbiotiko honen ondorioz sortzen diren egiturek mikorriza izena daukate eta orokorrean ez dira espezifikoak izaten, hau da, onddo batek landare espezie ugarirekin sor ditzake mikorrizak eta gainera onddo batek mikorriza mota ezberdinak sor ditzake.
Landare lurtar gehienek mikorrizak garatzen dituzte: Briofitoek, Pteridofito askok, Gimnospermoek eta Angiospermo familia ugarik[1]. Angiospermoen familia gutxi batzuek mikorrizekiko erresistentzia mekanismoak garatu dituzte, hauek Ziperazeoak, Junkazeoak, Kariofilazeoak eta Kruzifeorak dira. Ezagutzen ditugun landare talde gehienetan agertzeaz gainera, landare espezien % 95ek naturan ezin du biziraun mikorrizarik gabe[2]. Hortaz garbi geratzen da ezinbestekoak direla ekosistema ezberdinen mantenuan. Mikorrizak sortzen dituzten taxona fungikoak Glomeromikotoak, Askomikotoak eta Basidiomikotoak dira.
Mikorrizek landare lurtarren xurgapen organoen azalera handitzen dute eta oso garrantzitsuak dira elikagaien eskurapenean. Onddoen hifak lurrean aurkitzen diren mineralak xurgatzen dituzte, hala nola fosforoa (P) eta nitrogenoa (N). Elikagai hauek ez dira landarearentzat eskuragarriak eta bere hazkuntzarako funtsezko elementuak dira. Onddoak xurgaturiko elementuak sinbiosian aurkitzen den landare espeziera garraiatuak dira. Kasu batzuetan, onddoak karbonodun konposatuak ere garraiatuko ditu landarera, adibidez Monotroparekin sinbiosian dagoenean. Bestalde, landareak fotosintesi bidez finkaturiko karbonodun konposatuak (fruktosa, sakarosa edo glukosa) eramaten dituzte onddora[3]. Nutrienteak landare ezberdinen artean ere elkartrukatzen dira espezie ezberdinak elkarrekin konektatzen dituen onddo sinbionteen mizelio sareen bidez. Batez ere ektomikorrizen bidez konektatzen dira landare komunitate ezberdinak[4].