Ming dinastia

Ming Handia
大明
1368 – 1644
Monarkia
Ming dinastiaren garaiko Txina bere hedapenik handienean, Yongle enperadorearen erreinualdian.
Geografia
HiriburuaNanjing
(1368–1421)
Beijing
(1421–1644)
Biztanleria65.000.000 (1393)
AzaleraTxina km²
Kultura
Hizkuntza(k)Txinera
ErlijioaBudismoa, taoismoa, konfuzianismoa
Historia
Aurrekoa
Yuan dinastia
Ondorengoak
Qing dinastia
Shun dinastia
Zhu Yuanzhang enperadorea.

Ming dinastia 1369tik 1644ra arte Txinan boterea izan zuen azken aurreko dinastia da. Yuan dinastiaren garaian sortu zen, Yuan dinastia mongoliarra erori ondoren. Kiangsu eta Zhejiang lurraldeetako ezegonkortasun sozialak Zhu Yunzhang errebeldeak boterea lortzea ekarri zuen, eta, 1369an Ming dinastia sortu zuen, Txinako historia guztian hegoaldeko lurretan sortu zen dinastia bakarra, Nanjing hartuz hiriburutzat. Bere semeak Beijingera eraman zuen gortea.

Ming dinastiako agintariek gobernu sistema tradizionala ezarri zuten. Funtzionario izateko, azterketa bat gainditu behar zen. Hala ere, dinastia berriak intelektual eta artista independenteei esetsi zien; Txou Wi eta Txao Yuan margolariak, adibidez, hiltzera kondenatu zituen.

Historialari batzuek giza historiaren gobernu diziplinatu eta egonkortasun sozialaren aro handienetako bat bezala deskribatzen dituzte Ming dinastiakoak[1].​ Ming dinastiak 276 urtez gobernatu zuen herrialdea, eta, Txinan Han etniak gobernatutako azken dinastia izan zen. 1662ra arte iraun zuten Ming erregetzaren aldeko erregimen leial batzuek (hegoaldeko Ming izenez ezagutzen direnak), nahiz eta Pekin, Mingen hiriburua, Li Zicheng buru zuen matxinada batean erori zen 1644an. Li Zichengek Shun dinastia ezarri zuen, baina Qing dinastiakMantxuria jatorrikoak— azkar ordezkatu zuen.

Ming dinastiaren gobernupean, ontzidi itzela eta milioi bat laguneko armada iraunkorra osatu ziren[2]. Aurreko aldietan Txinatik espedizio komertzial eta diplomatikoak egin baziren ere, XV. mendean, Zheng He almirante musulmanaren tributu-flotak beste guztiak gainditu zituen, tamainari dagokionez. Eraikuntza-proiektu ugari egin ziren: besteak beste, Kanal Handia, Harresi Handia eta Hiri Debekatuaren sorrera Pekinen, XV. mendearen lehen laurdenean. Ming dinastiaren erregetzaren amaieran, 160 eta 200 milioi arteko biztanleria zela uste da[3].

Yongleren garaian, Txina munduko itsas potentziarik handiena bilakatu zen; Zheng Hek Asia eta Afrika inguruan bidaiak egin zituen, baina kostu ekonomiko handiegiarekin.

Hongwu enperadorea, 1368 eta 1398 artean agindu zuena, sistema zurrun eta mugigaitz batean saiatu zen beregainak izango ziren landa-komunitateen gizartea sortzen, hiriguneetako merkataritza-bizitzan parte hartu beharrik izango ez zutenak. Txinako nekazaritza-oinarria berreraikitzeak eta komunikazio-bideak (bide militarizatuen sistema baten bidez) hobetzeak, ustekabean, nekazaritzako soberakin handiak sortzea eragin zuen, zeina komunikazio-bideetatik hurbil zeuden merkatu arrakastatsuetan saldu ahal izan baitzen. Landa eta merkataritza kulturak hiriko moden eragina jaso zuen. Gizarteko mailarik altuenak, noblezia baxuarekin parekatuta, kontsumoan zentratutako kultura berri horren eragina ere jasan zuen. Tradizioetatik urrunduz, familia merkatariak, hala, administrazioaren eta burokraziaren baitan sartzen hasi ziren, eta nobleziaren ezaugarri kulturalak eta praktikak bereganatu zituzten. Gizartearen eta merkataritzaren bilakaera horrekin batera, pentsamendu filosofikoan, gobernu-erakundeetan, arteetan eta literaturan aldaketak izan ziren.

XV. mendearen hasieran, Beijing izendatu zuten inperioko hiriburu, eta jauregiak, marmolezko terrazak eta lorategiak egin ziren.

XVI. mende inguruan, Ming ekonomia suspertu zuen portugaldarrekin, somaliarrekin, espainiarrekin eta herbeheretarrekin izandako merkataritzak. Txina material, landare, animalia, janari eta aleen merkataritza global hasiberri batean murgildu zen, kolondar trukaketa izenez ezagutzen dena. Europako potentziekin eta Japoniarekin eginiko salerosketak zilar kantitate izugarriak ekarri zituen, eta horrek kobrea eta diru-papera ordezkatu zituen, Txinako trukerako bitarteko komun gisa. Ming dinastiaren azken hamarkadetan, Txinako zilarraren fluxuak behera egin zuen neurri handi batez, eta estatuaren diru-kutxak txikitu egin ziren. Hainbat faktorek eragin zuten Ming ekonomiaren kaltetzea: Izotz Aro Txikiak nekazaritzan eragindako kalteak, hondamen naturalak eta epidemiak. Agintarien higadurak eta mantenu eskasiak aukera eman zien Li Zicheng gisako buruzagi errebeldeei Mingen aginteari desafio egiteko.

Ming dinastian sortu ziren beste gauza askoren artean, XV. mendean sortu ziren mugarri motako adierazleak daude, hiriko sarreretatik gertu kokatuta zeudenak. Harrizko edo egurrezko egiturak ziren; inskripzioak edo erreferentzia-puntuak zituzten, eta pertsonak gidatzeko balio zuten.

  1. Edwin Oldfather Reischauer, John King Fairbank, Albert M. Craig (1960) A history of East Asian civilization, Volume 1. East Asia: The Great Tradition, George Allen & Unwin Ltd.
  2. Ebrey, Walthall & Palais 2006, 271 orr. .
  3. Biztanleria baxuena zenbatesteko, ikus, Fairbank, 2006, 128. or.; altuena zenbatesteko, berriz, ikus, Ebrey, 1999, 197 or.

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in