Mitologia azteka

Eguzkiaren Harria izeneko monolitoa, azteken kosmogoniaren sintesia (Mexikoko Antropologia eta Historiaren Museo Nazionalean, Mexiko Hiria).

Mitologia azteka (edo mexika) azteken erlijio oinarritzen zen mito eta sineskeren multzoa da. Mesoamerikako antzinako beste mitologiekin bat zetorren gai ugaritan, baina bereizgarri handiena Huitzilopochtli jainkoak hartzen zuen nagusitasuna da. Huitzilopochtli, gerraren eta eguzkiaren jainkoa, mexiken jatorrizko jainkoa zen eta herrialde hautatutzat hartzen zuten haien burua. Horregatik, Eguzkiaren mugimenduaz arduratu behar zuten, opari eta sakrifizioak eskainiz. Sinesmen hau areagotu egin zen Tlacaelelgo erreforma erlijioso eta sozialean XV. mende erdialdean, Itzcoatl, Moctezuma I.a eta Axayacatl enperadoreek bultzatuta.

Jainko nagusiaz gain, mitologia aztekak, Ameriketako beste mitologien antzera, politeismo mugagabea zuen, jainko bakoitzak eginbide jakin bat zuena, gehienetan gizakiekin zerikusi zuzena zuena.

Filosofia moralizatzaileek ez bezala, erlijio azteka ez zegoen paradisu-infernu edo gaizkia-ongia problematikan oinarritua. Ameriketako beste erlijioen antzera, unibertsoaren bitasunean oinarritzen da, bizia eta herioa bi osagarritzat hartzen zituena, eta ez bi aurkakotzat.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in