Mitologia zelta

Mitologia zelta, zelten politeismoko mitologia da. Mitologia zelta ustezko erlijio zeltaren inguruko kontakizun bilduma zabala da, eta Burdin Aroan du jatorria. Aro hartako beste zenbait indoeuropar kulturak bezala, lehendabiziko zeltek ere mitologia politeista eta erlijio egitura bat izan zuten. Zelta herri batzuek, hala nola galiarrak eta zeltiberiarrak, Erromarekin zituzten harreman estuak zirela eta, mitologia horrek ezin izan zion eutsi Erromatar Inperioaren eraginari. Lehenagoko mitologia zeltaren jarraitzaileak kristautasunera aldatu, eta haien jatorrizko hizkuntzak galdu zirenː galiera, zeltiberiera, eta abar. Hala ere, badakizkigu haien sinismenei buruzko hainbat xehetasun, garai hartako erromatar eta kristauen albiste iturriei esker.

Bestalde, euren nortasun politiko eta linguistikoari eutsi zioten hainbat zelta komunitatek (adibidez, eskotoak eta Britainiar Uharteetako bretoiak), eta euren Burdin Aroko mitologien aztarna egonkorrak gureganaino helarazi zituzten, askotan Erdi Aroko idazkien bitartez.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy