Onddoak Eukarya domeinu barnean sailkatzen den talde polifiletikoa da[2]. Kloroplastorik gabeko organismo taldea osatzen dute, eta beraz burutzen duten estrategia trofikoa heterotrofia izango da. Horretarako, historian zehar garatu duten estrategia entzimen bidezko kanpo liseriketa izan da, hau da, entzima hidrolitikoak kanpo mediora askatzen dira, horien bidez materia organikoa deskonposatzen da eta ondoren monomeroak xurgapenez barneratuko dira; azken honi osmotrofia esaten zaio.
Mizelioa beraz, funtzio osmotrofikoa optimoki betetzeko, onddo ez lebaduriformeek garatu duten gorputz begetatiboa da. Gorputz begetatibo hau, hifez osotutako tutu sistema konplexu adarkatu batez eratuta dago. Mizelioa osatzen duten hifek orokorrean 3-30µm-tako (batez ere sifonatuetan) diametroa aurkezte dute, pareta tubular sendo batez inguratuta egoten dira eta elikagaiak barneratzeko eta garraiatzeko ahalmen handia aurkezten dute. [3]