Mol

2019ra arte, 12 gramo karbono-12n neurtutako atomo kopuruak zehazten zuen molaren balioa. Gaur egungo balioa zehatza da, baina oso gutxi urruntzen da aurreko definiziotik.

Mola (unitate-sinboloa: mol) substantzia-kantitatearen unitatea da SI sisteman.[1] Substantzia-kantitatea (magnitude-sinboloa: n) substantzia jakin baten lagin batean dauden gauzaki elementalen kopurua da. Definizioz, mol batek zehazki 6,02214076×10^23 gauzaki elemental ditu eta balio honi Avogadroren zenbakia deritzo.[2] Lehen, mola karbono-12aren 12 gramotan dagoen atomo kopurua zen,[3] 2019an birdefinitu zen arte. Substantziaren arabera, gauzaki elementala atomo, molekula, ioi, ioi-talde edo elektroia bezalako partikula azpiatomiko bat izan daiteke. Adibidez, 10 ur molekulek (konposatu kimikoa) eta 10 merkurio atomok (elementu kimikoa), gauzaki elementalen kantitate bera dute, nahiz eta substantzia ezberdinak izan.

Mola kimikan asko erabiltzen da erreaktibo eta produktu kantitateak adierazteko erreakzio kimikoetan. Adibidez, 2 H2 + O2 → 2 H2O ekuazio kimikotik uler daiteke 2 mol hidrogenok (H2) eta 1 mol oxigenok (O2) erreakzionatzen dutela 2 mol ur (H2O) eratzeko. Kontzentrazio molarra ere sarri erabiltzen da, solutu-kantitatea disoluzio bolumenarekiko (mol/L).

  1. (Ingelesez) IUPAC - mole (M03980). .
  2. (Ingelesez) SI Units – Amount of Substance. NIST.
  3. (Ingelesez) Redefining the Mole. NIST.

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in