Muladi gisa ezagutzen ziren Erdi Aroan al-Andaluseko lurretan bizi izan ziren jatorri iberiardun musulmanak, hots, musulman etnikoki ez-arabeak. Horiek iturri andalustarretan muwallad gisa identifikatuak agertuko liratezke.
Uste da hasiera batean “muladi” hitza agintarien kliente edo mawlà izatearen ondorioz arabiar bizimoldea eta hizkuntza hartu dituen pertsona izendatzeko erabilia izan zela. Mawlà (pluralean māwālī) konkista ostean Islamera igaro eta agintari zein tribu arabeekin bezero-ituna aurrera eraman zuten musulan berri etnikoki ez-arabeak izendatzeko erabilia izan zelarik.
Orokorrean esateko, muladiak arabiarrak ez ziren musulmanak zirela esan daiteke, arabiar eliteak kontrolatutako musulmanen komunitatean bizi zirenak. Hain zuzen, musalima delakoen ondorengoak ziren, euren konbikzio edo onurarengatik islamera konbertitu zirenen ondorengoak, alegia. Zentzu horretan, elite arabiarren parte ez zirenez, litekeena da gobernuko kargu altuenak ez okupatu izana eta arabiarrek baino zerga gehiago ordaindu behar izana. Hain zuzen ere, praktikan muladi eta arabiarren artean egiten ziren ezberdinketaren ondorio izan ziren muladiek zuzendu zituzten matxinadak. Horregatik garatu zen al-Andaluseko IX. mendean definizio zehaztuago bat: tokiko errebelde edo matxinatu ikuspegia hartu baitzuten. Botere politiko moduan islatzen dira euren arbasoak konbertitu eta handik belaunaldi batzuetara, eta kaliferriaren hasierarekin batera desagertu ziren.