Muskulu-uzkurdura

Eskeleto-giharren eskema.

Muskulu-uzkurdura edo gihar-uzkurdura muskulu-zuntzak laburtzearen ondorioa da, estimulu egoki batek, nerbio-bulkadak normalean, sortua.[1] Bi eratakoa izan daiteke uzkurdura: isotonikoa, gihar-zuntzek, uzkurtzeaz gain, beren luzera aldatzen dutenean, eta isometrikoa, gihar-zuntzen luzera aldatzen ez denean (ez dira luzatzen edo laburtzen). Bigarren kasuan estatikoa izan arren, giharra tentsioan dago (esaterako, pisu bat hartzen dugunean eta higitu gabe atxikitzen dugunean).

Muskulu-ehunen zelulak luzeak dira, eta zuntz muskularrak edo gihar-zuntzak deritze. Barnean miofibrila izeneko egitura luzeak dituzte, aktina eta miosina proteinez osatuak; miofibrila horiek uzkurkorrak dira.

Hiru gihar-ehun mota bereizten dira ornodunengan:

  • leuna: hesteetan, arteria eta zainetan, umetokian eta errai gehienetan dagoen gihar-ehuna da. Bere higidura oharkabekoa da, eta nerbio-sistema autonomoaren kontrolpean dago.
  • kardiakoa: bihotzean dagoena. Bere higidura ere ez-borondatezkoa da.
  • eskeletikoa: eskeletoen giharrek osatzen dutena (besoak, hankak, eskuak, aurpegia...), hezur-ehunaren gainean dagoena. Borondatezkoa da eta burmuinak kontrolatzen du haren higidura.

Azken bi gihar-ehunei (kardiakoa eta eskeletikoa) gihar ildaskatua deritze, zeharkako ildaskak dituztelako.

  1. Muskulu-uzkurdura Euskalterm. Euskara.euskadi.net

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in