Nafarroako konkista | |||
---|---|---|---|
1512. urteaz geroko lurralde mapa | |||
Data | 1512-1529 | ||
Lekua | Nafarroako Erresuma | ||
Koordenatuak | 42°48′N 1°36′W / 42.8°N 1.6°W | ||
Emaitza | Gaztelaren garaipena | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Nafarroako konkistak 1512tik 1529ra arte iraun zuen eta, bertan, Gaztela-Aragoiko Koroek, monarkia beraren pean elkartuta, beren armadez iraunkorki okupatu zuten euskal erresuma hainbat gatazkaren ondoren.[1] Nafarroako konkista Italiar Gerren testuinguruan eta haien eraginpean gertatu zen. Fernando II.a Aragoiko erregeak zuzendutako 1512ko udako inbasioak gauzatu zuen Nafarroako Erresumaren okupazioa, Fadrique Álvarez de Toledo Albako dukearen gidaritzapean. 1515eko ekainean, Gaztelako Gorteek Nafarroa Gaztelako Koroari atxikitzea erabaki zuten.
Nafar birkonkista ahaleginak Petri Nafarroakoa mariskalak zuzendu zituen 1516ko martxoaren 25 arte. Urte horretan, nafar errege-erreginei Henrike II.a semeak hartu zien errelebua eta, agintari espainiarren aldean, Fernandori eta Cisneros kardinalari Karlos V.a enperadore gazteak. Cisnerosek Nafarroako gazteluak eraisteko agindu zuen 1517an nafar erresistentzia zapuzteko. Nafar subiranistek kontraerasoa jo zuten, André Foixkoa Asparrotseko jaunak zuzenduta, 1521eko nafar-gaskoi espedizio baten buru, erresuma laburki berreskuratu zuena, Noaingo Batailako porrota arte.
Henrike II.a, Frantzisko frantses erregearekin bat eginik, berriz oldartu zen Pirinioetan barrena 1521eko irailean, hiru zutabetan, baina Amaiurko Guduan, nafar subiranistek galdu egin zuten Nafarroa Garaiko azken lur zatia. 1523an, Henrike II.a erregeak Nafarroako Gorteak deitu zituen Donapaleun, eta Nafarroa-Biarnoko Erresumaren oinarriak ezarri. 1524ko apirilean, Karlos V.aren indarrek Hondarribia azpiratu ondoren, fronte guztia Bortuz Harunzko Lurraldeko borroketara mugatu zen. Ezustean, 1527ko urriaren 11rako, enperadorearen tropek lurralde hori abandonatu zuten.
Azken borroka militarren epelean, lehen sorgin-ehiza handia piztu zen Nafarroa Garaian (1525 eta 1527), Inkisizioaren interbentzio gero eta handiagoaz. 1526ko Madrilgo Itunak frantses babesik utzi zuen Henrike II.a, teorian bederen. Nafarroa Garaiak erresuma estatus erdi-autonomo bati eutsi zion Gaztelako Koroan, tentsio handien artean bazen ere. Nafarroa-Biarnoko Erresuma subiranoak 1620 arte iraun zuen Pirinioez iparraldera, erlijio erreformismora lerratuz, Frantziatik gero eta hurbilago, eta Espainiar Koroarekiko gerra giroan.
Euskal Herriko historia |
---|