Narrasti

Narrasti
Pennsylvaniar-gaur egun

Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
AzpierreinuaBilateria
FilumaChordata
SubfilumVertebrata
SuperklaseaTetrapoda
Klasea Reptilia
Laurenti, 1768
Azpibanaketa
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakreptile meat (en) Itzuli eta arrautza

Narrastiak Reptilia klaseko animalia tetrapodoak dira. Talde horretan sailkatzen dira, besteak beste, dortokak, krokodiloak, sugeak, anfisbaenioak, muskerrak, tuatarak eta horien desagertutako ahaideak. Narrastien ikerketara bideratzen den zientziari herpetologia deritzo.

Narrastien klasea parafiletikoa da, ez dituelako biltzen ugaztun eta hegaztiak, baina bai euren arbasoetako batzuk. Hau da, eboluzioa aztertuz gero, ikusten da narrastien taldeak hainbat bide jarraitu dituela. Horren ondorioz, narrasti batzuk euren artean urrunago daude ebolutiboki hegaztiekin baino (adibidez, krokodiloak eboluzioan hurbilago daude hegaztietatik muskerretatik baino). Narrastien klase parafiletikoa izatearen arrazoia da hegaztiak ez direla klase horretan sartzen, nahiz eta gaur egungo zientzialari moderno batzuek nahiago duten hegaztiak ere narrastien barnean kokatzea eta klase monofiletikoa dela esatea.[1][2]

Ezagutzen diren lehenengo proto-narrastiak duela 312 milioi urte sortu ziren karbonifero garaian. Proto-narrasti horiek reptiliomorphatetrapodo aurreratuen garapenetik sortu ziren, eta lur lehorretara gero eta hobeto moldatzeko gaitasunak garatu zituen. Sortutako narrasti goiztiarrenak muskerrak izan ziren, adibidez, Hylonomus eta Casineria. Muskerrez gain, eboluzioan zehar tamaina handiko narrastiak ere sortu ziren, dinosauroak, esaterako. Garai hartan sortutako beste zenbait narrasti gaur egun desagertuta daude, gehienak kretazeo-tertziarioko iraungipen masiboan desagertu baitziren.

Narrastiak odol-hotzeko animalia ornodunak dira; horrez gain, arnasa biriketatik hartzen dute, azala ezkataz estalita dute eta, gainera, lau hanka endurtu edo labur dituzte, nahiz eta salbuespenak ageri diren (adibidez, zenbait sugeren eta anfisbaenioen kasuan ez da hankarik ageri). Anfibioek ez bezala, narrastiek ez daukate beraien bizi-zikloan ingurune urtarrean bizi den larbarik. Narrasti gehienak arrautza erruleak dira, squamata ordenako espezie batzuk, ordea, bibiparoak dira, desagertutako zenbait klado urtar bezala.

Narrastiek biriketatik bideratzen dute arnasketa, horregatik bizi dira gehienak lehorrean. Eskeletoa hezurrez osatua dute, eta burezurraren eta bizkarrezurraren kasuan hauek giltzaduraz lotuta daude. Narrastiek ez dute odolari tenperatura jakin batean eusteko gaitasunik ugaztunek eta hegaztiek bezala. Inguruneko tenperaturak baldintzatzen du beraien odolaren tenperatura; hau da, ingurunean hotz badago narrastien odola ere hotza egongo da eta, alderantziz, ingurunean bero egiten badu, haien odola ere bero egongo da; alegia, poikilotermoak dira. Hain zuzen, horregatik narrastiak ez dira oso eskualde hotzetan bizi; narrasti mota gehienak eskualde beroetan bizi dira.

Antartika kenduta, narrastiak gainontzeko kontinente guztietan bizi dira. Narrastien barnean hainbat azpitalde bereizten dira: dortokak (350 espezie), errinozefalioak (espezie bakarra, Zeelanda Berriko tuatara), squamata (muskerrak eta sugeak, 10.200 espezie inguru), krokodiloak (kaimanak, gabialak eta aligatoreak, 24 espezie).[3]

  1. The Phylogeny and classification of the tetrapods. Published for the Systematics Association by the Clarendon Press 1988 ISBN 0198577052. PMC 17300892. (Noiz kontsultatua: 2019-01-27).
  2. (Ingelesez) Reisz, Robert R.; Laurin, Michel. (1995-02-01). «A reevaluation of early amniote phylogeny» Zoological Journal of the Linnean Society 113 (2): 165–223.  doi:10.1111/j.1096-3642.1995.tb00932.x. ISSN 0024-4082. (Noiz kontsultatua: 2019-01-27).
  3. Alison,, Cree,. Tuatara : biology and conservation of a venerable survivor. ISBN 9781927145449. PMC 888553607. (Noiz kontsultatua: 2019-01-27).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in