Nazioarteko erakusketa herrialde batek antolatutako erakusketa publiko handia eta irabazteko asmorik gabekoa da, XIX. mendearen bigarren erdiaz geroztik mundu osoan zehar egin direnak. Erakusketen Nazioarteko Bulegoa (BIE, Bureau International des Expositions) da era horretako ekitaldiak antolatzen dituzten hiriak ofizialki izendatzeaz arduratzen den erakundea. BIEk lau erakusketa mota sailkatzen ditu[1], ezagunenak bi direlarik: Erakusketa unibertsalak eta Nazioarteko erakusketa espezializatuak. Nazioartean expo goitizena erabiltzen da, frantseszko exposition (erakusketa) hitzaren laburdura.
Erakusketa horietan parte hartzen dutenak estatuak, gizarte zibileko taldeak eta enpresak dira.
Historikoki, Erakusketak zibilizazio burgesaren lorpenak eta sorkuntza teknikoak erakutsi eta zabaltzeko sortu ziren. Nazioarteko erakusketa handiak egiteko ohitura XIX. mendearen erdialdera sortu zen eta bertan, era baketsuan herrialde bakoitzak harrotasunez bere kokagune edo pabiloian, bere sorkuntzak edo berezitasunak erakusten ditu. Lehenengo erakusketa unibertsalak industrializatutako munduaren hiriburu nagusietan egin ziren eta hori bera nahiko adierazgarria da; Londres (1851), New York (1853) eta Parisen (1855).