Nikola Tesla —serbieraz: Никола Тесла— (Smiljan, Kroazia, orduan Austria-Hungaria, 1856ko uztailaren 10a - New York, Ameriketako Estatu Batuak, 1943ko urtarrilaren 7a) asmatzailea, ingeniari elektrikoa, ingeniari mekanikoa, fisikaria eta futurista izan zen. Argindar komertzialaren sorreraren sustatzaile nagusietako bat. XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran elektromagnetismoaren eremuan egin zituen asmakuntzek oso ezagun egin zuten. Teslaren patenteek eta haren lan teorikoak korronte alternoaren bidezko argindar sistema modernoen oinarriak ezarri zituzten, banaketa elektrikoaren sistema polifasikoa uztartuz, eta korronte alterno bidezko motorra ere bai, Bigarren Industria Iraultzaren oinarri.