Nukleo planetarioaplaneta bateko geruza sakonena da, geruza solido edo likidoz osatuta egon daitekeena.[1] Planeta batzuetan nukleo osoa guztiz likidoa edo guztiz solidoa izan daiteke.[2]Eguzki sisteman planetaren arabera nukleoaren erradioa alda daiteke. Ilargiaren kasuan %20 ingurukoa da eta Merkuriorenean %85.
Lurraren kasuan, nukleoa burdinez eta nikelez osatuta dago. Neurketa sismikoen bidez nukleoa bi zatitan banatua dagoela ondorioztatu da:
Kanpo-nukleoa: Lurrazaletik 2885 kilometrora hasi (Gutenberg etenunea) eta barne nukleoa hasten den puntua arte (Lehman etenunea) luzatzen da, guztira 2270 kilometroko erradioa izanda. Sakonera honetan tenperatura eta presioa oso handiak dira eta tenperatura altuak eragin handiagoa izanik geruza likidoa da.
Barne-nukleoa: Geruza sakonena da eta lurrazaletik 5185 kilometrora hasten da, Gutenberg etenunean. Guztira 1186 kilometroko erradioa du. Haren osagaiak gehienbat burdina eta nikel apur bat direla uste da. Zientzialari batzuen ustez, burdinezko kristal bakar eta erraldoi batez osatua dago, hau da, solidoa da. Tenpertatura hain altuan arraroa da materiala egoera solidoan egotea, baina presioa hain handia denez, barne nukleoa solidoa da.
Lurraren dentsitatea 5.515 kg/m³ dela kalkulatu da, eguzki-sistemako handiena. Jakinik lurrazaleko materialen batez besteko dentsitatea 3.000 kg/m³ dela, pentsa daiteke nukleoaren dentsitatea oso handia dela. Sismologiaren bidez uste hori baieztatu da. Lurraren sorreran, orain dela gutxi gorabehera 4500 milioi urte, grabitateak substantzia dentsoenak erdialdera eraman zituen, arinenak lurrazalean utziaz. Horregatik, nukleoaren osagai nagusiak burdina (%80) eta nikela dira.
Gasezko erraldoiek ere nukleoa dute, nahiz eta horien konposizioa gai eztabaidagarria den. Hainbat teoria daude haien konposizioaren inguruan: harri/burdina, izotza edota hidrogeno metaliko fluidoa.[3][4][5] Gasezko erraldoien nukleoak proportzionalki txikiagoak dira planeta lurtarrekin konparatuta. Hala ere, handiagoak izaten jarraitzen dute.