Oroimena euskal gatazkan 1990eko urteen amaieratik Hego Euskal Herriko gizartean eta agenda politikoan gaurkotasunez plazaratu zen gaia da. Gatazkako biktimen oroimenak hartu zuen garrantzia, bereziki ETAk eta euskal talde armatuek hildakoena. Oroimen historikoaren erreklamazioa, hala ere, gatazkako biktima eta gertaera guztietara hedatu zen luze gabe. Aldi berean, Espainiako Gerra Zibilari eta Francoren diktadurari buruzko oroimen historikoak gaurkotasuna hartu zuen. Euskal Gatazkako oroimena ekitaldi, erakusketa, plaka eta monumentuen bidez gauzatu da, baina baita idazlan, hedabide eta museotako programazio eta legeen bidez ere.
Oroimena gatazkari buruzko narrazioaren gaiarekin nahastu da askotan, haren tratamendua zaila eginez, eta iskanbilatsua ere bai, diskurtso eta borroka politikoan txertatua. Inplikazio penalak ere izan ditzake, biktimen umiliazioaren, terrorismoaren gorespenaren edo segurtasun indarren irainen kontrako Espainiako legedia dela eta. Alde horretatik, euskal gatazkako oroimenaren auzia Espainia osoan zabaldurik dago. ETAren behin betiko su-etenaren ondoren (2010-2011), Ipar Euskal Herrira ere hedatu zen bertako bakegintza ahaleginei loturik.
2008an, Gasteizko Eusko Legebiltzarrak lege bat atera zuen terrorismoaren biktima guztien aitortzarako, PPren oposizioaz, bakarrik ETAren (eta beste euskal talde armatuen) biktimak kontuan hartu behar zirelakoan.[1] 2010ean, Patxi Lopezen gobernuak (PSE) terrorismoaren biktimen egun instituzional bat ezarri zuen azaroaren 10ean. Aldiz, ez zuen denen oniritzia jaso, eta hala PPk, alde batean, nola Ezker Abertzaleak, bestean, beren oroimen ekitaldiak egin dituzte beraien hautuko oroilekuetan.
Bi motatako biktimak bereizi ohi dira ofizialki gatazkako biktimen inguruan: batetik, gatazkako indarkeriaren biktimak eta, bestetik, ETAren (euskal talde abertzale armatuen) edo terrorismoaren biktimak. Batez ere bigarren mota horretako elkarteek diru laguntzak jasotzen dituzte urtero, oroimenerako zein beste zereginetarako. Biktima elkarteek oroigarriak sustatu ohi dituzte; horrekin batera, bakearen aldeko monumentuak jarri dira espazio publikoetan.[1] Oroimenaren gaia arantzatsua izaten jarraitu du, eta ñabardura garrantzitsuak daude Euskal Herriko eta Espainiako ikuspegien artean, baita Euskal Herri barnean ere.