Otorduak |
Otorduak |
Gosaria • Hamaiketakoa • Bazkaria • Askaria • Afari-merienda • Afaria • Sorgin-afaria |
Jakiak |
Janaurrekoa • Koktela • Zizka-mizkak • Hasierakoa • Jaki nagusia • Azkenburukoa • Bazkalondoa • Pintxoa |
Otordua gizakiak eguneroko jardunean ordu (eta, maiz, leku) jakinetan kontsumitu ohi dituen jan-edariek osatutako janaldia da.[1]
Bereziki esaten zaio, hein batean edo bestean, erritu bihurtua dagoen janaldiari (mahaira hainbat lagun eseri, nor bere lekuan, mahai-tresnak erabili etab.). Janaldia, beraz, elikadura (funtsezko premia fisiologikoak asetzea) ardatz duen berariazko ekintza da, herritar arruntaren eguneroko bizimoduaren osagai. Baina, ardatza elikadura bada ere, otorduak baditu bestelako euskarri garrantzitsuak ere: komunikazioa, atsedena, gozamen gastronomikoa, etab.[1]
Otorduak etxean gertatzen dira gehienetan, baina jatetxeetan, tabernetan eta kafetegietan ere egin daitezke. Norberaren etxean, sukaldean prestatzen da janaria eta bertan edo jantokian hartzen da, jatunak mahai jiran eserita (janari berezietan eta, hein apalago batean, ohikoetan, beren eserlekuetan ordena edo protokolo baten arabera antolatuta) eta erritual batzuk beteta, hala nola eskuak garbitz.ea, gizonezkoek txapela edo txanoa kentzea, “on egin” elkarri esan edo mahaia bedeinkatzea, gainerakoak etorri arte ez eseri edo ez jaten hastea, etc.[1]
Otorduak egunero errepikatzen dira, eta eguneko ordu jakinetan izaten dira; ordutegi hauek desberdinak dira kultura batetik bestera. Otordu bateko ohiko urratsak sarrera, jakia eta postrea izaten dira, baina hori ere aldatzen da kultura batetik bestera. Berdin gertatzen da otorduetako elikagaien kopuruaz eta nolakotasunaz aritzen garenean, kulturaren arabera aldatzen da baita garai historikoaren arabera ere.
Gertaera garrantzitsuak daudenean, adibidez ezkontzak edo erlijio-jaiegunak, otordu bereziak prestatzen dira. Kasu horietan oturuntzak izaten dira, alegia, otordu handi eta formalak, gonbidatu eta jaki asko dituztenak. Badira otordu bereziak urteko egun berezietan (Gabon Gaueko afaria, Eguberriko bazkaria...), edota bizitza sozialeko une berezietan ere (afari-merienda, sorgin afaria, festetako herri-bazkaria...).