Oxigenazio Handia

Oxigeno-maila Lurraren atmosferan. Bertan ikusten denez, maila hori hasi zen igotzen duela 2.400 milioi urte, eta duela 500.000 urte igoera nabarmen areagotu zen

Oxigenazio Handia, Oxigenoaren Iraultza edo Oxigenoaren Hondamendia izenekin ere deitua, jarduera biologikoaren ondorioz Lurraren atmosferan oxigenoaren agerpenari deritzo. Zientzialariek uste dute hori duela 2.400 milioi urte inguru gertatu zela, Sideriar garai geologikoan [1].

Lurraren antzinako atmosfera erreduktorea zen, oxigenorik gabekoa. Horregatik, Lurrean agertu ziren lehenengo bizidunak anaerobioak ziren, eta baita heterotrofoak ere (itsasoetan zegoen salda primitiboaz elikatzen baitziren). Geroago agertu ziren lehenengo autotrofoak, oxigenorik gabeko fotosintesia (fotosintesi anoxigenikoa) burutzen zutenak. Uste da organismo horien eboluzioaren ondorioz agertu zirela duela 2.600 milioi urte lehenengo zianobakterioak, benetako fotosintesia egiten dutenak eta oxigenoa kopuru handitan atmosferara askatu zutenak [2].

Hasiera batean fotosintesian askatutako oxigenoa harkaitzen metalekin konbinatu zen, metal horiek oxidatuz (Fe eta Si, batez ere): horrela agertu ziren burdin oxidoak, itsasoetan pilatu zirenak, eta baita silizea eta silikatoak ere. Oxigenatu zitezkeen metal guztiak oxigenatu zirenean, gehiegizko oxigenoa atmosferan pilatzen hasi zen, Oxigenazio Handiari hasiera emanez.

Oxigenazio handi horrek hondamendi bat ekarri zuen bizidun askorentzat, anaerobioak zirelako (oxigenoak hiltzen ditu). Atmosfera oxigenatu ahala, bizidunen eboluzioak aerobioen alde jokatu zuen, eta organismo anaerobioak -ordura arte nagusi zirenak- desagertzen hasi ziren [3]. Gaur egun, organismo anaerobioak mikrobio gutxi batzuk besterik ez dira, oxigenorik gabeko habitat oso berezietan soilik bizi direnak.

Oxigeno molekularraren agerpenak (O2) beste ondorio bat ekarri zuen: atmosferan oxigeno hori garai hartan oso ugaria zen metanoarekin (CH4) konbinatu zen, CO2 sortuz. Metanoa desagertzerakoan negutegi efektua nabarmen murriztu zen, Lurraren tenperatura jaitsiz (horrek glaziazio huroniarra eragin zuen).

  1. Zimmer, Carl (2013) The Mystery of Earth’s Oxygen The New York Times
  2. T. Cavalier-Smith, M. Brasier y M. Embley (2006) Introduction: how and when did microbes change the world? Philos Trans R Soc Lond B Biol Sci, 361(1470): 845–850
  3. Rasmussen, Birger; Ian R. (2008)Reassessing the first appearance of eukaryotes and cyanobacteriaNature. 455 (7216): 1101-1104

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy