Paroxetina[1] serotoninaren birkaptazioaren inhibitzaile selektiboen klaseko antidepresiboa da, neurotransmisorearen kontzentrazio sinaptikoa areagotzen duen ekintza duena. Depresio nagusia, nahasmendu obsesibo-konpultsiboa, antsietate-nahasmendu soziala, izu-nahasmendua, trauma osteko estresaren nahasmendua, antsietate-nahasmendu orokortua eta menstruazioaren aurreko disforia-nahasmendua tratatzeko erabiltzen dute.
Albo-ondorio arrunten artean daude zefalea, bertigoa, logura, ahoaren lehortasuna, apetitu-galera, gehiegizko izerdia, insomnioa, goragalea, ahuleria neuromuskularra, idorreria eta beherakoa. Oso ohikoak ez diren kontrako erreakzioen artean daude urduritasuna, antsietatea, dardara, parestesiak, mialgiak, palpitazioak, basodilatazioa, jarrera-hipotentsioa, libidoaren murrizketa, inpotentzia eta hematomak.[2] Sortzetiko eritasun bat izateko arrisku txikiekin ere lotu daiteke.[3][4] Abstinentzia-sindromea ohikoagoa izan daiteke paroxetinarekin klase bereko beste antidepresibo batzuekin baino.[5] Ikerketa batzuek haur eta nerabeen pentsamendu eta joera suizidekin lotu dute paroxetina.[6]