Peru Abarka

Peru Abarka
Liburuaren azala.
Datuak
IdazleaJuan Antonio Mogel (1802)
Argitaratze-data1881
GeneroaEleberria
Jatorrizko izenburuaPeru Abarka : Basarte-ko ikastetse andiko euskal-irakaslea edo Euskaldun baserritar bakarti baten eta maisu Juan izeneko bizargin kaletar baten arteko autuak
Herrialdea Euskal Herria

Peru Abarka Joan Antonio Mogel eibartarrak 1802an idatzitako lana da. Euskarazko lehen eleberritzat jo ohi da. Pruden Gartziak euskarazko literaturaren historiako libururik garrantzitsuenetzat jotzen du.[1]

Izenburu osoa hau zen: Peru Abarka : Basarte-ko ikastetse andiko euskal-irakaslea edo Euskaldun baserritar bakarti baten eta maisu Juan izeneko bizargin kaletar baten arteko autuak.[2] Liburuaren azalean, izenburua gaztelaniaz zetorren: El Doctor Peru Abarca, catedrático de la lengua bascongada en la Universidad de Basarte, ó diálogos entre un rústico solitario bascongado y un barbero callejero llamado Maisu Juan). Hala ere, liburu osoa euskaraz idatzita dago, sarrera izan ezik («Prólogo al lector vizcaíno»), mendebaleko euskararen Markinako aldaeran oinarritutako idazkera batean.

Lana 1802an idatzi zen arren, 1881 arte ez zen lehendabizikoz argitaratu. XIX. mende hasierako korregidoreak ez zuen argitaratzeko baimenik eman, eta argitaratu zen arte izkribuaren kopiak eskuz esku igaro ziren, Euskal Pizkundean berreskuratu zen arte.[3]

Ez da erraz sailkatzeko lana: euskal eleberrien aitzindaria dela idatzi izan da, baina ezin da esan eleberrien ohiko arauetara makurtzen denik. Alde batetik, obrak oso bilbe edo trama eskasa du; horren ondorioz, pertsonaiek ia ez dute hasiera, garapena eta amaiera duen istoriorik osatzen; eta bestetik, leku eta denbora-aipu minimoek ere ez dute adierazgarritasun narratiborik. Elkarrizketa bizi-bizien inguruan eraturiko kontaketa-jarduera dela esanez defini daiteke.

Gaiaren aldetik, Mogelek euskal baserritarren bizimodua laudatzen du, batez ere haien jakintza, ohitura, hizkuntza eta erlijioari dagokionez.[4] Peru Abarka pertsonaiak gorpuzten du baserritarraren ideal hori, eta harekin konparatzeko, Maisu Juan kaletarra darabil, ikasketak egin arren, hizkuntza traketsa, erlijio ohitura zabarrak eta munduaren ezagutza eskasa duena.

  1. Gartzia, Pruden (2024): Euskaldun fededun, Donostia, Elkar. 15. or.
  2. Mogel, Joan Antonio. Peru Abarka : Basarte-ko ikastetse andiko euskal-irakaslea edo Euskaldun baserritar bakarti baten eta maisu Juan izeneko bizargin kaletar baten arteko autuak. Gipuzkoako Foru Aldundia (argitaratze data: 1899), 5 or..
  3. «Peru Abarka - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-26).
  4. Berrirakurketa historiko bat: Peru Abarka (1802) – Ingumak Laborategian. (Noiz kontsultatua: 2021-06-26).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy