Petra

Artikulu hau Jordaniako hiriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Petra (argipena)».
Petra1
UNESCOren gizateriaren ondarea

Altxorra, Petrako eraikinik ezagunena

Mota Kulturala
Irizpideak i, iii, iv
Erreferentzia 326
Kokalekua Jordania
Eskualdea2 Herrialde Arabiarrak
Koordenatuak 30°19′43″N 35°26′31″E / 30.32861°N 35.44194°E / 30.32861; 35.44194
Izen ematea 1985 (IX. bilkura)
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena

Petra[1][2] (arabieraz: البتراء‎, Al-Batrāʾ; antzinako grezieraz: Πέτρα) Jordaniako enklabe arkeologiko garrantzitsu bat da, baita antzinako erresuma nabateoaren hiriburua ere. Petra izenak, grezieraz, harria esan nahi du.

Petra Aravah haranaren ekialdean dago, Itsaso Hiletik Akabako golkoraino hedatzen den haran estu batean. Petra, inongo zalantzarik gabe, haraneko arrokan bertan zizelkaturiko eraikinengatik da ezaguna, bereziki Khazneh (Altxorra) eta Deir (Monasterioa) izenez ezagutzen diren eraikinengatik.

Antzinatean, K.a. VII. mende amaieran sortu zuten edomitek, eta K.a. VI. mendean nabateoak nagusitu ziren hiri honetaz, bai eta aberastasunera eraman ere, intsentsua, espeziak eta luxuzko beste gai batzuk Egipto, Siria eta Arabiatik Mediterraneo hegoaldera eramaten zituzten karabanen ibilbidean kokatuta zegoelako.

VIII. mende inguruan, bertako biztanleek hiria utzi behar izan zuten, merkataritza ibilbideak aldatu zirelako eta hiriak jasandako zenbait lurrikararen eraginez. Aro modernoan ahaztuta geratu zen, eta, mendebaldeko munduarentzat, Johann Ludwig Burckhardt esploratzaile suitzarrak berraurkitu zuen 1812an.

Petran euren fatxadak zuzenean arrokan zizelkatuak dituzten eraikinen multzo monumentala UNESCOren Gizateriaren Ondare zerrendan dago 1985azgero. Hiri ingurua, bestalde, Parke nazional arkeologiko bat da 1993tik.

2007ko uztailaren 7tik, Munduko Zazpi Mirari Berrietako bat da.

  1. Euskaltzaindia. Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako toponimia. .
  2. Euskaltzaindia. (2006-1-27). Antzinateko hirien euskarazko izenak. .

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in