Pinakulua (latinez: pinaculus) elementu arkitektoniko bat da, apaingarri- eta egitura-funtzioa duena, batez ere arkitektura gotikoan erabilia. Zutabe itxura du eta goiko aldean piramide edo kono antzeko egitura batek koroatzen du. Batez ere harriz eginak ziren, nahiz eta batzuetan beruna ere erabili.
Pinakuluaren erabilerari esker, eraikinak altuagoak dirudi eta itxura estilizatuagoak dutela ematen du. Nolanahi ere, egitura funtzioa ere badu; izan ere, arku arbotanteen alboko indarrak orekatzen dituzte; hau da, pinakuluaren pisuak sortzen dituen indar bertikalei esker, horma-bularretan sor daitezkeen zeharkako indarrak orekatzen ditu.
Pinakuluen beharra horma gotikoen altuerari zor zaio eta hormetan irekitzen ziren leihoei ere, erromanikoan baino askoz handiagoak baitziren. Gotikoko hormak ahulagoak zirenez, estalkiko pisua arbotanteen bidez orekatu behar zen eta hauek horma-bularrei igortzen zieten indar tentsioak. Pinakulurik gabe gehiegizko indar horizontalek kargak desorekatuko lituzkete (indarrek sortutako erdigunea eta hormaren erdigune geometrikoa ez lukete bat egingo) eta hormak oreka galtzeko arriskua izango luke eta txarrenera jota eraikina eraisteko arriskua ere, edo, gutxien jota, hormak konkortzeko arriskua izango zuten gilbordura fenomenoren bitartez. Horregatik pinakuluak hormarekiko elkarzut daudenean, elkarrekin lotu egiten dira.